Itxi

Euskal musika

'Kantu eta hitza': formatu txikiko kontzertuak bueltan dira Iruñean

EITB.EUS

Leer en Castellano

Besteak beste, Joseba Irazoki, Iñaki Salvador eta Maialen Errotabehere arituko dira oholtza gainean maiatzaren 19tik ekainaren 30era.

Irazoki ekainaren 9an igoko da oholtzara. EiTB

Ostegun honetatik aurrera, martxan izango da berriro 'Kantu eta hitza' formatu txikiko kontzertuen zikloa. Iruñeko Udalak antolatuta, euskal musikaz 'modu intimoan' gozatzeko aukera izango da maiatzaren 19tik ekainaren 30era Nafarroako hiriburuan.

Emanaldiak Erraldoien Txokoan (Descalzos, 72) izango dira, 20:30ean hasita. Musika mota asko izango dira bertan entzungai: folka, jazza, bluesa eta rocka, tartean.

Aurten honakoak izango dira oholtza gainean: Amorante (Iban Urizar); Mixel Etxekopar eta Beñat eta Julen Axiari; Maialen Errotabehere; Joseba Irazoki eta lagunak; Iñaki Salvador eta Ainara Ortega; Kherau, eta Jon Gurrutxaga.

Iruñeko Udalak ohar batean azaldu duenez, sarrerak doakoak izango dira, ordubete lehenago leihatilan gonbidapena hartuta.

Amorantek (Iban Urizar) eskainiko du lehen kontzertua, maiatzaren 19an. Musika tradizionala edo herrikoia esperimentazioarekin eta inprobisazioarekin nahasten ditu Urizarrek.

Mixel Etxekopar & Beñat eta Julen Axiari arituko dira ondoren, maiatzaren 26an. Orhipetik lana aurkeztuko dute emanaldian.

Ekainaren 2rako, Maialen Errotabehereren kontzertua antolatu dute. Biluzik lan intimista besapean duela igoko da oholtzara: bere esperientzia pertsonala Itxaro Bordaren eta Jean-Louis Errotabehereren hitzen bidez kontatzen duen diskoa.

Hurrengo emanaldia ekainaren 9an izango da, Joseba Irazokiren eskutik. Lagunartean arituko da Irazoki 'Joseba Irazoki eta lagunak' proiektua aurkezten.

Iñaki Salvador ekainaren 16an igoko da Erraldoien Txokoko taula gainera. Ainara Ortega aktore eta jazz kantaria lagun duela, Kantaginjazz aurkeztuko dute biek. Talde eta artista ezagunek (Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Oskorri, Mikel Markez, Amaia Zubiria, Juan Carlos Perez, Gorka Knörr...) egindako kantak jazz estiloan moldatu dituzte.

Kherau talde bizkaitarra ekainaren 23an azalduko da oholtzara. Folk doinuak nagusi dituen Aukhera diskoa aurkeztuko du.

Jon Gurrutxaga Arima Beltza taldearen sortzaileetako batek emango dio amaiera kontzertu sortari. Hitz lauz izeneko lanaren doinuak joko ditu Elgoibarkoak, bluesa eta rocka modu intimistan nahasita.

Hona hemen 'Kantu eta hitza' zikloaren egitaraua.