Kultura programa
400/1000 programak Nafarroako herri txikietara eramango du kultura
Agentziak | Erredakzioa
Programa honek kultur adierazpenak 400 eta 1.000 biztanle arteko herrietara eramango ditu, uztailaren 3 eta 25 arteko ostiral, larunbat eta igandeetan.
Nafarroako Gobernuaren Kultura Zuzendaritza Nagusiak “400/1000” kultur programa abiatu du, 400 eta 1.000 biztanle arteko 40 herritara beste horrenbeste kultura ekimen eramateko.
Programa honetara 125.000 euroko aurrekontua bideratu dute, eta uztailaren 3 eta 25 arteko ostiral, larunbat eta igandeetan egingo dute, NAfarroako Gobernuak ohar batean iragarri duenez.
Antzerki, jazz, folk, pop, dantza tradizional, abesbatza, ganbera musika eta zirku emanaldiez gain, arte plastikoen erakusketak eta liburuei eta ilustrazioei buruzko ikastaroak ere egongo dira.
Gainera, Gobernuak azpimarratu duenez, parte hartuko duten artista eta talde guztiek Nafarroan dute beren zerga eta gizarte egoitza.
Programak Nafarroako hainbat udalerri txikitan kultur ekoizpenera heltzeko dauden zailtasunak eta baliabide txikien ondorioak konpondu nahi ditu, eta, hartara, ikuskizun guztiak doakoak izango dira.
Herri hauetara helduko da programa: Abartzuza, Aibar, Aizoain, Añorbe, Arantza, Barasoain, Berbinzana, Berriobeiti, Berriogoiti, Zirauki, Cordovilla, Deikaztelu, Donamaría, Etxalar, Etxauri, Garinoain, Goizueta, Igantzi, Ituren, Izaba, Mañeru, Melida, Monreal, Obanos, Otsagabia, Olatz, Ororbia, Oteiza, Pitillas, Rada, Erronkari, San Martín Unx, Santakara, Sunbilla, Tebas, Uharte Arakil, Urdiain eta Zubiri.