Elkarrizketa
'Galderekin asmatu eta gauza asko ezbaian jarri nahi ditu ‘El rey’k'
Natxo Velez | eitb.eus
Antonio San Juan aktore, antzerkigile eta zuzendariak eta Willy Toledo eta Luis Bermejo aktoreek “El rey” Teatro del Barrio konpainiaren antzezlana aurkeztuko dute ostiralean, Andoainen.
"Ezagutzen duen horrek soilik du errealitatea aldatzeko ahalmena". Premisa hori du abiapuntu Alberto San Juan antzerkigile eta zuzendariak (Madril, 1968) "El rey" aktore lanetan San Juan bera, Luis Bermejo eta Willy Toledo dituen antzezlana sortzeko. Teatro del Barrio "kulturaren eta jaiaren bitartez beste bizimodu bat eraikitzen ari den herritar mugimenduan parte hartzeko borondate politikoaz" Lavapies Madrilgo auzoan sortutako kooperatibaren bosgarren ekoizpena da hau.
Lana Andoainera helduko da ostiralean. Bastero kulturgunearen agertokiaren gainean tronu ez-egonkorra paratuko du egun horretan, 21:30etik aurrera, "ezer ezeztatzen edo baieztatzen ez duen" Alberto San Juanen lana erakusteko. "Gauza asko jartzen ditu ezbaian ‘El rey’k, monarkia Franco hil eta gero sistema demokratiko bat ezartzeko ezinbesteko elementu gisa erakutsi digun diskurtso ofiziala, adibidez", San Juanen hitzetan.
Aktore eta zuzendariak "gozamen ikaragarria" hartzen du sortze lanetan, idazle, zuzendari eta aktore lanak uztartzeak ekartzen dion "gainkarga" gorabehera, eta Juan Carlos I.aren figuraren gaineko "kontakizun kritikoa" egin du oraingoan. Horretarako, dokumentazio lan eskerga egin du antzerkigileak, "liburu asko irakurriz, eta ez guztiak kritikoak, ezta gutxiago ere". Gure galderei erantzunez azaldu duenez, "Teatro del Barrioren ekoizpenen esplorazio artistikoa horretan oinarritzen da, askatasun artistikoaren eta informazio zorrotzaren arteko oreka aurkitzean".
Luis Bermejo da "El rey", Teatro del Barrioren antzezlanean. Argazkia: Ojovivo.
Estatuko herritarrek erregearen figuraren inguruko informazio nahikorik ba ote duten galdetuta, San Juanek hau uste du: "M15a izan zenetik, abdikazio bat izan da, eta ikusteko dago errege berria sendotzen den. Espainian monarkiaren azkena begien bistan dagoela uste dut".
Txotxongilolarien aurkako "gehiegikeria"
Bestalde, Fiskaltzak Terrorismoaren Biktimen Elkarteak Antonio San Juanen aurka jarritako kereila bat gaitzetsi du, orain egun batzuk; apirilean, "La bruja y don Cristobal" Alfonso Lazaro eta Raul Garcia txotxongilolariak kartzelara eraman zituen lana antzeztu zuen San Juanek, eta haren aurka egin zuen biktimen taldeak. San Juanen ustez, "antzezlanean ez da terrorismoa goratzen. Bi herritar errugaberen aurkako gehiegikeria kasua izan da, eta Poliziak, epaileak eta hedabideek hartu dute parte bertan".