Ekainaren 26tik aurrera
57 ikuskizun, Bilboko XVII. Kalealdian
eitb.eus
“Lurrak” Bilboko eta Gasteizko udalek ekoitziriko euskal zirku garaikideko ikuskizunak abiatuko du arte eszenikoen kaleko jaialdia.
Bilboko Kalealdia Kaleko Antzerki eta Arteen Jaialdiak hamazazpigarren edizioa ospatuko du aurten, ekainaren 27tik uztailaren 2ra. 57 ikuskizun izango dira publikoaren gozagarri, horietako asko, aurten aire zabaleko agertoki handi gisa finkatu nahi duten Casilda Iturrizar parkean.
Ekainaren 27an inauguratuko dute jaialdia, Arriagako plazan, gaueko ikuskizun bakarrarekin: Bilboko eta Gasteizko Udalek ekoitzi duten euskal zirku garaikideko “Lurrak” ikuskizunaren estreinaldia. 22:30ean izango da hitzordua.
Guztira 28 konpainiak hartuko dute parte, horietatik 9 Euskal Herrikoak, eta Areatzako, Plaza Barriko eta Arriagako plazako agertokietan aurkeztuko dituzte beren lanak, baita Casilda Iturrizar parkean ere.
Ohikoa denez, Kalealdian programatutako ikuskizun guztiak doakoak izango dira, karpa barruan egingo diren emanaldiak izan ezik. Ikuskizun horiek hiru euroko prezio sinbolikoa izango dute, 330 pertsonarentzako leku izango duen gunerako sarbidea kontrolatu ahal izateko.
Euskal konpainiak
Kukai Dantza & Tanttaka Teatroa, Malas Compañías, Marie De Jongh, Pez Limbo, Markeliñe, Garazi Pascual eta Iván González euskal konpainia eta artistek euren azken lanak eskainiko dituzte Bilbon, Kalealdiaren edizio honetan: dantza, zirkua, kale antzerkia, clowna…