Itxi

Ofizialki inauguratuta

AlhondigaBilbao, Bizkaiko hiriburuaren bihotza

Erredakzioa

Philippe Starck diseinatzaileak eraldatutako ardo biltegi zaharrak erakusketak, kontzertuak, zinema aretoak, bi igerileku eta kirol jarduetarako aretoak bilduko ditu. Ostegunean irekiko ditu ateak.

Iñaki Azkuna Bilboko alkateak eta Philippe Starck diseinatzaile frantziarrak ofizialki inauguratu dute AlhóndigaBilbao. Bizkaiko hiriburuko erdigunean aisialdia, kirola eta kultura ardatz izango dituen zentro berritzailea da.

Hiru eraikin biltzen dituen ardo biltegi zaharrak -40.000 metro koadro ditu eta 75 milioi euro inbertitu dituzte- ostegunean, maiatzaren 20an, irekiko ditu ateak parez pare. Bilboko alondegiak, orduan, bi erakusketa estreinatuko ditu "Lurra" proiektua eta "Sorterria. Beste leku bat hasten da hemen". Horrez gain, hainbat jardueratan izena eman dezakete hiritarrek eta, umeentzat, edoskitze gela bat irekiko dute.

Starck eta Azkuna prentsaren aurrean egindako ekitaldi batean izan dira eraikinaren inaugurazioa dela eta. Bertako sarrerako sabaitik pantaila erraldoi bat zintzilikatu dute, erabiltzaileak informatzeko. "Alondegia deskribatzea ezinezkoa" dela azaldu du Starckek, izan ere, adierazi duenez, ez da museo bat, ezta kirol zentro bat ere, ezta liburutegi bat ere eta ezta merkatu bat ere:&' || 'nbsp;"jarduetarako leku bat da, bilgune bat".

Hurrengo irekierak

Brodas konpainiak hip hop doinuen erritmora astinduko du AlhondigaBilbaon asteburuan. Kataluniako artistek kale dantza emanaldia eskainiko dute, doan, 12:00etan eta larunbatean, maiatzak 22, IVA Incluido ikuskizuna aurkeztuko dute auditorioan 20:00etatik aurrera.

Maiatzaren 25ean, asteartean, III. AlondegiaKomik Jardunaldiak hartuko ditu kultur egoitzak. Europako, AEBetako eta Japoniako komiki generoak hizpide izango dituzte.

Golemek zazpi areto, horietako bi hiru dimentsiotakoak, estreinatu dituzte maiatzaren 28an, ostiralean. Golemen eskaintzak film europarrak eta hego-amerikarrak bilduko ditu eta baita kultura zentroaren programazioarekin zerikusia duten pelikulak ere.

Igerilekuak ekainean irekiko dituzte

AlhóndigaBilbaok igeri egiteko parada eskainiko du ekainaren 1etik aurrera. Bi igerilekuen irekierarekin batera, gimnasioa eta kirol jardueretarako aretoak estreinatuko dituzte. Baina eguzkitan kiskaltzeko ekainaren 15era arte itxaron beharko da. Ordutik eta irailaren 15era arte terrazaz gozatuko ahalko da hiriaren bihotzean.

Albisteak (1)

Bideoak (3)