Chillida Leku
Aldundiak beste bide batzuk aztertu nahi ditu Chillida Leku irekitzeko
Agentziak | Erredakzioa
Foru erakundeak irekiera “Gipuzkoarentzat onargarriak diren oinarrietan finkatutako premisetatik abiatuta” berriz planteatzea proposatu du. Chillidatarrek ez dute baloraziorik egin nahi izan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Chillida Leku berriz zabaltzeko negoziazioei berriz ekitea proposatu du gaur, foru erakundearen aurrekontu mugatuaren ondorioz behin museo erostea baztertu eta gero, “beste alternatiba eta aukera batzuk” aztertzeko.
Aldundiko gobernu kontseiluak Denis Itxaso Kultura diputatuaren proposamena onartu du, eta, hartara, museoa berrirekitzeko modua “Gipuzkoarentzat onargarriak diren oinarrietan finkatutako premisetatik abiatuta” aztertzea proposatu du, EAJ-PSE Gobernuaren plan estrategikoaren 7. puntua, Chillida Leku berriz martxan jartzeko helburua biltzen zuena, betetzeko.
“Hartara, Chillida familiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta interesa izan lezaketen beste erakunde eta eragile batzuekin negoziatzen hasiko gara ostera”, dio Aldundiaren oharrak.
Kultura Departamentua arduratuko da fase berria kudeatzeaz, joan den astean, hitzarmena itxita zegoela ematen zuenean, Aldundiak museoa 100 milioi euroren truke erosteko akordioarekin aurrera egiteari uko egin eta gero. Hitzarmen horren arabera, Gipuzkoako Diputazioak 50 milioi euro ordaindu behar zituen, eta Eusko Jaurlaritzak beste horrenbeste.
Lurraldeak beste lehentasun batzuk zituela argudiatu zuen Aldundiak akordioari uko egiteko, eta ezustean harrapatu zituen erabakiak gainerako partaideak.
Orain, aurkeztutako testuan “aurrekontuaren muga” horiek eta “agintaldi honetarako hitzartutako finantza konpromisoak” aipatzen ditu idaztiak, Aldundiak zentroa ez erosteko arrazoien artean.