Ostegunean ETB3n
Lekeitio eta Pasaiako saioak asteon Hitzetik Hortzeran
Hitzetik Hortzera
Bertso udalekuei buruzko erreportajea ere emango dute
Denboraldiko azkenaurreko Hitzetik Hortzera izango da aste honetakoa eta bete betekoa dator. Lekeitioraino hurbilduko dira bertso saioa izan baita Aittitta Txikik kultur elkarteak antolatutako Iparraldeko haizeak jaialdiaren barruan. Konpainiako eliza leporaino oholtzako seikotea aditzeko: Andoni Egaña, Miren Amuriza, Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Xabat Galletebeitia eta Aitor Arrizubieta ''Toko'' lekeitiarrak, gai jartzen Natxi Aranburu.
Pasaian ere izan dira. Basari elkartean, Bertsound System ikuskizuna han. Haritz Casabalen aginduetara eta Beñat Gantxegi Dj-ak aukeratutako erritmoekin kantatu dute Alaia Martinek eta Xabier Silveirak. Hots eta soinuei kantatu araziz, abesti ezagunekin igarkizunak eginaz, eta bertsoa doinu diskotekeroetara plegatuz zale koadrila barre-malkoak lehortzen jarri dute.
Zuri-beltzekoan Basarrik, gure herri-buruari kantatutakoak: "donosti ezagutzen ez dunak / zerua zer dan ez daki" (ez dakit nola den zehatz baina azken puntua literalki kopiatuko nuke hemen).
Zapping-ean ostera ere Lekeition bildutako bertsoak. 1999ko maiatzean (barikuan beteko dira hamaika urte) saio intimo eta gogoangarria egin zuten Unai Iturriagak eta Jon Sarasuak. Aretxabaletarrak gitarra joaz kantatu zuen gainera. Orduko gau giro magikoaz, itsasoko brisara epelaz eta ilargi beteaz berriz gozatuko dugu.
Urteko errepasoko atalean irailetik grabatutako saio xelebreenak -musikatuak, inauteritakoak, esperimentalak, nazioartekoak, mestizoak- bildu dituzte. Hitzetik Hortzera, ostegunean 22:00etan ETB3n eta ostiralean 18:15ean ETB1en. Sarean, noiznahi, eitb.comen.