Itxi

20. urteurrena

Guggenheim museora doan sartu ahalko da asteburuan

Agentziak | Erredakzioa

Museoaren irekieraren hogeigarren urteurrena ospatzeko prestatu duten programaren lehen ekimena izango da doako sarbidea. Ekitaldi gehiago ere izango dira asteburuan.

Guggenheim Bilbao Museora doan sartu ahalko da larunbatean eta igandean, urriaren 22an eta 23an. Modu honetan, datozen 12 hilabeteetan garatuko diren 20. urteurreneko ospakizunak hasiko dira, museoko arduradunek jakinarazi dutenez.

Zehazki, larunbatean 22:00ak arte egongo da museoa irekita, eta erakusketak gauez bisitatzeko aukera izango da. Horrez gain, egun horretan bertan, Bilboko Udal Musika Bandaren kontzertua izango da, 20:00etan.

Larunbatean eta igandean museora bertaratzen direnek erakusketa "bereziki erakargarriak" ikusteko aukera izango dute. Horien artean, aipatzekoa da "Francis Bacon: Picassotik Velazquezera”; britainiar pintorearen 50 artelan daude, baita harengan eragin handia izan zuten maisu frantses eta espainiarren lanak ere.

Gainera, "Albert Oehlen: Irudiaren atzean" ostiralean irekiko den erakusketa ere ikusi ahal izango dute bisitariek.

Ektialdi bereziak

Doako sarrera ez ezik, hainbat ekitaldi berezi ere izango dira Guggenheim Bilbao Museoan asteburuan. Horrela, ostiral gauen Art After Dark saioa egingo dute atrioan, Patrice Bäumel, Vibronics eta Lourdes Madowren eskutik.

Halaber, larunbatean BAD dantza eta antzerki jaialdiaren "Hariak" ikuskizuna izango da entzungelan: formatu handiko txotxongiloak eta hip-hop eta breakdance dantzariak.

Azkenik, igandean Tom Gold Dance konpainiak "November Steps" koreografia aurkeztuko du. Guggenheim Bilbao Museorako bereziki egokitu du ikuskizuna Tom Gold dantzari eta koreografoak, bi hamarkadatan New York City Balleteko bakarlaria izan zenak.

Albisteak (3)