Urriaren 26tik 29ra
Nazioarteko webserie onenek bat egingo dute Bilbao Web Fest jaialdian
Agentziak | Erredakzioa
Lehiatuko diren tituluak ondorengo lau sailetan banatu dituzte: sail ofiziala, Amets, trailerrak eta Euskal Screenings.
Urriaren 26tik 29ra bitartean, Internet bidez zabaldutako serieen fenomeno globaleko sortzaile, ekoizle eta jarraitzaileen arreta-gune bilakatuko da Bizkaiko hiriburua.
Bilbao Web Fest jaialdiaren bigarren edizioak nazioarteko ekoizpen onenen aukeraketa bat eskainiko du: guztira, 25 herrialdetako 100 titulu baino gehiago, mundu mailako zenbait estreinaldi jaialdiko sail desberdinetan, baita euskal ekoizpen onenei zuzendutako sail berezi bat ere, lehiaketatik kanpo.
Lehiaketako epaimahaia Koldo Serra euskal zuzendariak eta Leyre Berrocal antzezle bilbotarrak osatuko dute. Horiekin batera, munduko webserieen jaialdi nagusien zuzendariak ere egongo dira. Lehiatuko diren tituluak ondorengo lau sailetan banatu dituzte: sail ofiziala, Amets, trailerrak eta Euskal Screenings.
Ildo horretatik, sail ofizialean lehiatzeko aukeratu dituzten webserieen artean honako hauek izango dira ikusgai: “The wizards of Aus” komedia australiarra, “Supernatural Fandom” kanadarra, “Ren: the girl with the mark”, Erdi Aroan girotutako ekoizpen britainiarra, edota “Black” estatubatuarra, CIAk sortutako ezkutuko talde militar baten misioak kontatzen dituena.
Bestalde, Azkuna Zentroan webserieak baino ez dituen munduko lehenengo azoka eta merkatua osatuko dute. Bilbao Web Market formatu horretan lan egiten duten ikus-entzunezko sektoreko profesionalei edota formatua ezagutu nahia dabiltzanei zuzenduta egongo da.