Goraipamena
Leopoldo Zugaza eta Iruñeko Orfeoia saritu ditu Espainiako Gobernuak
Agentziak | Erredakzioa
Horiez gain, Arte Ederren Merezimenduaren Urrezko Dominak Miguel Martin Jazzaldiko zuzendariak, Pedro Subijana sukaldariak eta Helena Pimentak ere jasoko dituzte.
Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak Arte Ederren Merezimenduaren 2016ko Urrezko Dominak nori eman ebatzi du gaur, Kultura Ministerioak proposatuta, eta, besteak beste, hauek jasoko dituzte: Leopoldo Zugaza Gerediaga Elkartearen eta Durangoko Azokaren sortzaileak, Iruñeko Orfeoiak, Pedro Subijanak, Miguel Martin Donostiako Jazzaldiko zuzendariak eta Helena Pimenta antzerkigile eta eszena zuzendariak.
Subijana (Donostia, 1948) euskal sukaldaritza berriaren aitzindarietakoa da, Akelarre jatetxearen (hiru Michelin izan, 2007az geroztik) burua; Zugaza (Durango, 1932) editore eta kultura-sustatzailea da, Gerediaga Elkartearen eta aurten 51. edizioa ospatu duen Durangoko Azokaren sortzailea; Martinek (Donostia, 1956) ia bizitza profesional osoa egin du Donostiako Jazzaldia zuzentzen.
Bestalde, Helena Pimenta Antzerki Klasikoaren Espainiako Konpainia Nazionalaren zuzendariak Euskal Herrian garatu du bere bizitza profesionalaren zati handi bat, Salamancan jaioa bada ere.
Iruñeko Orfeoiak 150 bete zituen iaz, eta, arduradunen hitzetan, “talde profesional batek kalitate irizpide zorrotzak aplikatuta gidatzen duen ehun abeslari amateurreko baino gehiagoko abesbatza heterogeneoa” da. Nazioartean gero eta gehiago aritzen da haren historian Julian Gayarrerekin (abesbatzan kantatu zuen), Pablo Sarasaterekin eta Maurice Ravelekin lotura estua izan duen taldea.
Gainera, Jose Coronado, Ricardo Darin eta Magui Mira aktoreak eta Rafael amargo dantzari eta koreografoa ere sarituko ditu Espainiako Gobernuak, esaterako.