Victoria Eugenian
'Soka' Mikel Gurrearen lana otsailaren 1ean estreinatuko dute
Agentziak | Erredakzioa
Tanttaka Teatroak, Victoria Eugenia antzokiak eta Donostia 2016k ekoitzi dute eskola jazarpena bistarazten eta erruaren eta erantzukizunaren arteko mugak marrazten dituen lana.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Mikel Gurrea donostiarrak sorturiko "Soka" obra estreinatuko dute asteazkenean, otsailaren 1ean, Victoria Eugenia Donostiako antzokian. Testua Antzerkigintza Berriak proiektuaren barruan sortu du Gurreak, eta Tanttaka Teatroa konpainiak, Victoria Eugenia antzokiak eta DSS2016EUk ekoitzi dute. Antzerkigintza Berriak Donostia 2016ren egitasmoa da, idazkera dramatiko propioa sustatzeko asmoz sortua.
Arduradunek azaldu dutenez, Fernando Bernuesek zuzendu du obra, eta Iñaki Rikarte da protagonista, Gimnasiako irakasle baten paperean. Igorrek 11 urteko bere ikasle baten gorpua aurkituko du entrenamenduko soka batekin urkatuta. Ingurukoek gertatutakoaren errua egotziko diote, eta erabat arbuiatuko dute; hortaz, Igorrek bilaketa bati ekingo dio, non erruaren eta erantzukizunaren arteko mugak marrazten diren.
Obraren bitartez, egileak gogora ekarri nahi ditu "eskola jazarpena jasaten dutenak, haien senideak eta arazo horri aurre egiteko lanean ari diren guztiak".
"Soka" lanaren estreinaldia otsailaren 1ean izango da, 20:00etatik aurrera. Sarrera librea izango da, aurrez gonbidapena jasota Victoria Eugeniako leihatiletan. Emanaldia euskaraz izango da.
Martxoaren 9an gaztelaniaz estreinatuko dute, dFeria arte eszenikoen Donostiako jaialdiaren 23. edizioan.