'Eguna'
Euskarazko lehen egunkariaren 80. urteurrena ospatu dute, Bilbon
Agentziak | Erredakzioa
139 zenbaki kaleratu zituen kazeta sortu zen tokian, Bilboko Posta kaleko 17. zenbakian, horren sortzaileen aldeko plaka bat paratu dute.
Bilboko Udalak “Eguna” euskarazko lehen egunkariaren sorreraren 80. urteurrena ospatu du gaur, eta, ekitaldi horretan, gogora ekarri dituzte Gerra Zibilean “beren biziak arriskuan jarrita ere” kazeta martxan jarri zuten aitzindariak.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak estalkia kendu diote gaur goizean sortzaileen omenezko plaka bat, Zazpikaleetan, Posta kaleko 17. zenbakian, non “Eguna” sortu baitzuten, izandako ekitaldi batean.
Euskara hutsezko egunkaria “gerrako kazeta” izan zen, eta 139 zenbaki kaleratu zituzten, gehienez ere 10.000 ale eguneko. Sei hilabete iraun zuen soilik, harik eta 1937ko ekainean frankistek Bilbo hartu zuten arte.