Elkarrizketa
Jon Maya: 'Gogoeta egiteko gonbita da ‘Oskara plazara’'
Natxo Velez | eitb.eus
“Oskara” Kukai dantza konpainiaren lorratzean, “Oskara plazara” dantza eta dokumentala uztartzen dituen ikuskizuna taularatuko dute gaur Errenterian, Niessen aretoan, Korrika Kulturalaren harira.
Joan den urte hasieran, Donostia 2016 Kultura Hiriburutzaren eskaintzaren barruan, Kukai dantza taldeak eta Marcos Morau (La Vernola) koreografoaren bideek bat egin zuten, “Oskara” lanean bidaia bat egiteko, antzinateko sinbolo eta ikonografiatik gaur egungo joera berrietaraino.
Sortze prozesu horri adi begira aritu zen Arena Comunicación iruindar enpresa (“Muros”, “District zero”, “Nomadak TX”), zirkinik ere galdu gabe, ikuskizuna gauzatzeko bidea dokumental batean betikotu nahian.
Lana, nolanahi den, ez da making of ohiko bat, Jon Maya Kukaiko zuzendariak azaldu digunez, baizik eta hainbat gairi buruz hausnarketa egiteko aitzakia bat, eta “Oskara plazara” ikuskizunean, gainera, dantzariak zuzenean arituko dira, ikus-entzunezko proiekzioarekin batera.
Mayak berak ikuskizunaren inguruko zertzelada gehiago eman dizkigu.
Nola garatu zen Arena Comunicación enpresaren eta Kukairen arteko harremana?
Ikuskizun gisa baino gehiago, “Oskara” proiektu gisa lantzeko asmoa genuen hasieratik; ikuskizunarekiko paraleloan, berori bide berrietan jarri ahalko luketen proiektuetan lan egin dugu, beraz.
Dokumentala hasieratik genuen buruan; Arenakoei aipatu genien, eta hasieratik interes handia erakutsi zuten gaiarekin. Zoragarria izan da haiekin bidean topo egitea.
Sortze prozesuaren emaitza soilik ikusi ohi duenak zer galtzen du? “Oskara” eraikitzeko lanaren zer atal erakutsiko dituzue?
Dokumentalak bideari erreparatzen dio, ez emaitzari: atzealdean dagoen lana, gure bizipenak, prozesuan gertatzen diren lan guztiak…
Baina dokumentala ez da making of bat; “Oskara” sortzeko prozesua ‘aitzakia’ bat da, hainbat gairi buruzko gogoeta egiteko, hala nola pertsonen eta identitatearen arteko harremana, nola bizi dugun identitatea gaur, kultura tradizionalaren eta gizarte garaikidearen arteko harremana…
Proiekziotik irten berri den ikuslearen buruan zer ideia ibiltzea gustatuko litzaizueke?
Galderak planteatzen dira, eta gutako bakoitzak gure iritzi pertsonala ematen du. Guk ez dugu ideiarik barneratu nahi, baina publikoari gogoetarako gonbita egiten diogu. Galderak hor daude, erantzunak norberak ditu.
Irudiekin batera, hiru dantzari arituko dira pantailaren aurrean, zuzen-zuzenean. Zelan uztartu duzue dantza dokumentalaren irudiekin?
Dokumentalaren edizio lan berezi bat egin da, formatu honetarako. Dokumentala bera eta ikuskizuneko hainbat pasarte moldatu dira formatu hau sortzeko. Oso pozik gaude, eta uste dut zuzenekoa eta filma oso ondo bateratuta geratzen direla.
Badago aurrekaririk zinemaren eta dantzaren arteko uztarketan?
Egia esaten badizut, ez dakit modu honetan, baina gaur egun mintzaira artistikoak gurutzatzea oso ohikoa da proposamen artistikoetan; eta dantza eta ikus-entzunezkoak ere maiz ageri dira elkarrekin agertokian.
“Oskara” ikuskizuna joan den urte hasieran estreinatu zenuten, eta bere bidea jarraitzen ari da oraindik. Zelako harrera jaso duzue lan horrekin?
Oso pozik gaude. Euskal Herrian zein bertatik kanpo, harrera oso ona izaten ari da. Gainera, jende asko etortzen ari da antzokietara.
Zer ikuskizun gehiagotan ari da lanean Kukai?
Aldi berean, bi proiektu ezberdinetan ari gara lanean. Produkzio txikiagoak dira, baina ilusio handiz naukate.
Alde batetik, ‘Gernika/Guernica’ pieza laburra dugu, 80. urtemugaren harira sortutakoa. Hainbat museotan eskainiko dugu, besteak beste, Madrilgo Reina Sofian bertan, koadroa dagoen tokian.
Eta bestetik, ‘Topa’ kale ikuskizuna dugu, Bartzelanako Brodas Bros dantza urbanoko konpainiarekin batera sortutako. Bi konpainietako dantzariak bateratuko dira ikuskizun honetan.
Bi proiektuetan buru-belarri ari gara, eta gustura!
* Errenterian estreinatu eta gero, ”Oskara plazara” Bilboko Azkuna zentroan (martxoak 22), Gasteizen (hilak 23), Leioan (apirilak 5) ikusi ahalko da.