Maiatzak 19-21
Elkarbizitza izango dute ardatz Olatu Talkako 120 jarduerek
Agentziak | Erredakzioa
Jaialdiaren zazpigarren edizioa maiatzaren 19tik 21era egingo dute, eta, ohi bezala, herritarren ekarpenek osatuko dute programazioa.
Olatu Talka jaialdiak herritarren 160 proposamen, 2015ean baino % 15 gehiago, jaso ditu aurten, Donostia 2016 Fundazioaren lankidetzarik gabe antolatuko duten lehen urtean, eta horrek argi utzi du, arduradunen ustez, donostiarrek kultura jaialdia babesten dutela.
Aurten, jardueren ardatza “elkarbizitza” izango da, “bai donostiarren artekoa bai beste toki batzuetatik datozenekikoa”, Jon Aizpurua jaialdiko zuzendariaren hitzetan.
Maiatzaren 19tik 21era, kultur eragileek helarazitako 160 proposamenetatik 120 egingo dituzte hirian zehar, hala nola 60 musika talderen emanaldiak hiriko hainbat tokitan, munduko jaien laginak edo paleontologiarekin lotutako hainbat ekimen.
Merkatuek ere pisua izaten dute Olatu Talkaren eskaintzan, eta Kontxa Gaumarketek artisauen produktuak hurbilduko dizkie herritarrei hirugarren urtez jarraian, maiatzaren 19ko eta 20ko gauetan.
Gainera, maiatzaren 20an, Sagastieder Intxaurrondoko plazan, beste azoka bat egingo dute, berrerabilpenaren ingurukoa, zeinetan bigarren eskuko gaien salerosketa eta liburu solidarioaren merkatua egongo baitira.