Itxi

Elkarrizketa

Maysun: 'Ez gara Indiana Jones eta ez gara jan gabe bizi'

Leire Etxazarra | eitb.eus

Argazkilari espainiar-palestinarrak gerra argazkilarien lan baldintzak salatu ditu. Halaber, emakumezkoen begirada zalantzan jarri du: "Editore asko harritu egin dira emakumea naizela ikusi dutenean".

Maysun gerra-argazkilaria. Argazkia: Maysun.

Bederatzi urte zituela, argi ikusi zuen: gauzak gertatzen diren tokian bertan egon nahi zuen, eta ez besteen kontakizunaren zain bizi. Berlineko harresia erortzen ikusi zuen, telebista bidez, eta hor sortu zitzaion argazki-kazetaritzarekiko eta erreportaje dokumentalarekiko zaletasuna. Bere pasioak gatazka pil-pilean dauden herrialdeetan lan egitera eraman du; Siriara, esaterako. The New York Times, National Geographic, The Guardian eta Der Spiegel hedabide entzutetsuek publikatu dituzte, besteak beste, bere argazkiak.

Maysun Bilbon egon da argazkilaritza tailer bat emateko, Blackkamera argazkilaritza dokumentaleko eskolaren eskutik. Berarekin bere ogibideaz eta laneko esperientziez hitz egin dugu.

 

Zer nolako prestaketak egiten dituzu Siria bezalako leku batera joan aurretik? Dokumentazioa biltzen duzu, kontaktuak egiten dituzu…

Aurreko prozesu hori kazetari-lanaren % 60 da. Egoerari buruzko dokumentazio gehiena biltzen duzun neurrian eta kontaktu gehien egiten dituzunean, zure lanak kalitate handiagoa izango du eta hobeto aurre egingo diezu tokian bertan eman daitezkeen ezustekoei.

 

Nolakoa da gerra egoeran dagoen leku batean lan egitea?

Gatazka motaren araberakoa izaten da. "Gatazka" hitzak berak gerra-frontea baino gehiago adierazten duela azpimarratzea gustatzen zait. Aurrez aurreko borroka baino gehiago da. Gune geografikoak ere bere eragina du. Gerra bakoitzak bere ezaugarriak dauzka, eta etapa ezberdinak. Ez da gauza bera errefuxiatuen gaia jorratzea edo gerra-fronteko konbateak jorratzea.

 

Gerra-argazkilarien artean emakumezko gutxi daude. Nola moldatzen zara testosterona nagusi den testuinguru horretan?

Bai, emakumezko gutxi gara, baina nire ustez generoak ez du lan hau baldintzatzen, zure begiak, burua, mundua ulertzeko era eta argazkiak ateratzeko modua dira garrantzitsuak. Ez dut uste emakumezkoen begirada existitzen denik, behin baino gehiagotan konprobatu dut hori, izan ere, nire izenak ez du argi adierazten gizonezkoa ala emakumezkoa naizen, eta editore asko harrituta geratu dira ni aurrez aurre ezagutzean. Horrek generoaren inguruko aurreiritzi asko deuseztatzen ditu, eta horrek izugarri pozik sentiarazten nau.

 

Zure jatorri espainiar-palestinarrak ba al du eraginik Ekialde Ertaineko albisteak kontatzeko eta interpretatzeko moduan?

Nire pertzepzioan eragina dauka, beste edozein pertsonari bidegabekerien inguruko albisteek barruak astintzen dizkion bezala. Baina hori bakoitzaren etikari lotuta dago, ez jatorriari. Nire jatorriak nire nortasun kulturala finkatzen du, ez nire printzipioak.

 

 

Zein istoriok edo irudik izan du zugan eragin gehien?

1989ko azaroaren 9a, Berlingo Harresiaren erorketa. Telebista bidez ikusitako irudiek hunkitu egin ninduten eta hura telebistan ikustea nahikoa ez zela sentitu nuen. Bertan egon beharra nuen, gertatzen ari zena ulertzeko. Handik urte batzuetara, momentu hura kazetaritzaren hazia zela ulertu nuen; beti izan nuen nire baitan, baina lokartuta, esnatzeko zain.

 

Gatazkan murgilduta dauden herrialdetatik etxera itzultzen zarenean, nola kudeatzen duzu ikusi eta bizi izan duzun guztia?

Prozesu bat da. Denbora behar duzu deskonprimatzeko, ikusitakoa eta sentitutakoa onartzeko; normalean kontatzen ditudan istorioak gogorrak dira, baina oroitzapen politak ere izaten ditut. Zenbait gauza ikustea traumatikoa bada ere, zorionekoa naiz haiek kontatu ahal ditudalako. Lanbide hau sakrifikatua da, baina informazioa helarazteko bitartekaria baino ez naiz. Gerra baten alderik gaiztoena nire argazkietako protagonistek pairatzen dute, heurek zira kezkatu behar gaituztenak.

 

Argazkilarien lana behar bezala baloratzen da?

Ez, ez da nahikoa baloratzen. Batez ere azken hamarkadetan. Hedabideek ez dute argazkiengatik ordaindu nahi, eta ordaintzen dutenean, miseria bat da, ez du produkzio gastuak ordaintzeko ere ematen (normalean, gastu horiek guk aurreratu behar izaten ditugu). Horrek gure lana zaildu egiten du, eta kalitatea galtzen da. Ez gara Indiana Jones eta ez gara jan gabe bizi. Egoera kezkatzeko modukoa da; mentalitatea aldatzea ezinbestekoa da ogibide honekiko errespetua berreskuratzeko eta lan baldintzak hobetzeko. Bestela, gureak egin du, bai kazetarioi dagokigunez, eta bai gizarteari dagokionez ere. Ezin dugu ahaztu informatuta egotea eskubide bat dela.

Bideoak (1)