Donostia
Kaian egingo den jai batekin bukatuko da Olatu Talka, igandean
eitb.eus
Ostiraletik, maiatzak 19, igandera, ehun ekitaldi baino gehiago izango dira hirian, hainbat talde eta bakarlariren 65 kontzertu tartean.
Donostiak Olatu Talka jaialdia hartuko du asteburu honetan, ostiraletik igandera, eta, aurkezpenean iragarri dutenez, kaian egingo den jai batek emango dio azkena. Guztira, 100 ekitaldi izango dira hirian, talde eta bakarlarien 65 kontzertu besteak beste.
Igandean, Bizkaiko Itsasoa hobeto ezagutzeko itsas bidaia didaktikoa egingo dute; hainbat narratzailek itsasoari eta Aita Mariri buruzko istorioak kontatuko dituzte; kaiaren inguruko dokumental bat ikusi ahalko da; marrazkigintza maratoi bat egongo da; eta musika emanaldiak egongo dira.
Kontzertuak
Iganderako, 14:00etatik aurrera, Easo musika eskolak antolatutako kontzertu bat egongo da, eta lehenago, 11:00etatik aurrera, Izarrak Plazara castingean aukeratutako 12 eta 17 urte bitarteko zazpi talde eta bakarlariek joko dute. Gainera, Donostiako Orfeoi Txikiak eta Kataluniako Orfeoiak kontzertua emango dute 12:30etik aurrera, eta soinujoleen topaketa bat ere izango da.
Larunbatean, 18:00etatik aurrera, Gure Bazterrak taldeak antolatuta, kontzertua egongo da Eustasio Amilibia plazan: SZ , Noga (21.00 horas), Noah, Cora Sayers eta Autumn. Miramongo basoan, bestalde, Basoka folk jaialdia ospatuko da, egun berean eta ordu berean hasita: Iker Lauroba, Luke Armstrong, Indigo, Jon Busselo, Ane Leux eta Charles Atkey.