Ekainak 8
'% 100 basque' liburuaren irakurraldi jarraitua, eitb.eus-en zuzenean
Agentziak | Erredakzioa
Estereotipoetatik ihesi, emakumezkoek gaur egun euskal literaturan duten protagonismoa aldarrikatu nahi dute Klasikoen Irakurraldiaren antolatzaileek.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen duen Klasikoen Irakurraldi Jarraituak edizio berezia du aurtengoa, 2017an hamar urte betetzen baitira abian jarri zenetik. Gaur, ekainak 8, ‘%100 Basque’ liburuaren irakurketa zuzenean jarraitzeko aukera eskaintzen du eitb.eus-ek. Aurten, estereotipoetatik ihesi, emakumezkoek gaur egun euskal literaturan duten protagonismoa aldarrikatu nahi dute Klasikoen Irakurraldiaren antolatzaileek.
Itxaro Bordaren "%100 Basque" 2001ean argitaratu zen, eta Euskadi Literatura saria irabazi zuen hurrengo urtean. Liburu honetan, idazleak euskaldun izatearekiko eta euskal kulturaren izaerarekiko gogoeta egiten du. Idazleak estiloen arteko eztabaidak sustatzen ditu, eta estereotipoak, errealitatearekiko beharra, kritika sozioekonomikoa, kultura eta abar nahasten ditu.
Hala, gaur da irakurraldi jarraitua, Arriaga Antzokian, eta 08:00etan hasi eta 20:00etan bukatuko da. Ekitaldia Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatu du, eta Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Laboral Kutxak babesten dute.
Guztira, 400 bat lagunek hartuko dute parte Itxaro Bordaren liburuaren irakurketan. Besteak beste, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Bilboko Udaleko ordezkariak, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Laboral Kutxako arduradunak, Andres Urrutia euskaltzainburua, eta Euskal Herriko Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko errektoreak eta irakasleak izango dira bertan.
Pantailak
Ohikoa denez, irakurraldia Arriaga Antzokiaren kanpoaldeko pantaila batean eta eitb.eus-en jarraitu ahal da zuzenean. Ekitaldia Euskara Ikasleen Jaiaren barruan antolatu dute, eta Arriagako plazan egingo den erromeria batekin borobilduko dute eguna.
Horrez gain, tarteka, munduan zehar dauden euskal etxeetan grabatutako bideoak proiektatuko dira Arriagan. Bestalde, Klasikoen Irakurketa Jarraituak hamar urteotan izan duen ibilbideari buruzko erakusketa izango da ikusgai ekainaren 15era arte metroaren Abandoko geltokian.
doko geltokian.