Skate jaialdia
Julien Merour eta Ianire Elorriaga Sportjam 2010 jaialdiko irabazleak
A.V.
Erredakzioa
Horiekin batera, Thaynan Costa, Alfredo Urbon eta Ivan Rivado ere saritu zituzten.
Irailaren 18 eta 19an egin zuten, Irunen, aurtengo Sportjam jaialdia, inoiz egin duten jendetsuena. Guztira 4.600 pertsona batu ziren, Europako hainbat txokotatik etorrita.Julien Merour frantziarrak street lehiaketa irabazi zuen eta, horregatik, 2.000 euroko diru-saria eskuratu zuen. Bestalde, Ianire Elorriagak emakumezkoen txanda irabazi zuen. Horretarako, Lara Dominguez irundarraren eta Erika Changen aurretik sailkatu zen berriki Europako txapelketa bereganatu duen skater bizkaitarra.
Game skate txandan, berriz, Alfredo Urbon beste 40 lehiakideak baino hobeto aritu zen eta irabazi egin zuen. Sergio Muñoz patinatzailearen aurka lehiatu behar izan zuen finalean.Thaynan Costa portugaldarrak erakustaldi aparta egin zuen street trikimailuen txanda irabazteko. Azkenik, Ivan Rivadok Sportjam mini aldapako txapelketa irabazi zuen, beste urte batzuetan, besteka beste, Jose Manuel Rourak, Alan Meskitak eta Alain Goikoetxeak izandako tokia hartzeko.
Jaialdiko eskaintza osatzeko, erakusketak, skate finger erakustaldiak eta bestelako ekimenak antolatu zituzten.