Barakaldo
30 Seconds to Mars Jared Letoren taldeak BECen joko du 2018ko apirilean
Agentziak | Erredakzioa
Leto, haren anaia Shannon eta Tomo Milicevic hirukoteak kontzertua eskainiko du Barakaldoko CUBEC! aretoan, apirilaren 14an. Sarrerak urriaren 13an jarriko dituzte salgai.
30 Seconds to Mars Jared Leto aktorearen musika talde arrakastatsuak hiru kontzertu eskainiko ditu Estatuan, horietako bat Barakaldoko BECen, 2018ko udaberrian.
Kontzertuen bultzatzaileak gaur iragarri duenez, Leto, haren anaia Shannon eta Tomo Milicevic hirukoteak kontzertuak eskainiko ditu Madrilgo WiZink Centerren, apirilaren 12an; egun bat geroago Bartzelonako San Jordi Cluben, eta Barakaldoko CUBEC! aretoan, apirilaren 14an.
Sarrerak urriaren 13an jarriko dituzte salgai www.thirtysecondstomars.com webgunean eta banaketa plataforma ofizialetan, 09:00etatik aurrera. Aldez aurretik Live Nation webgune ofizialak sarrera berezi gutxi batzuk salgai jarriko ditu urriaren 11an, 10:00etatik aurrera.
Love, Lust, Faith And Dreams 2013an argitaratu ondoren, 30 Seconds to Mars lau disko ditu merkatuan. Taldea 1998an sortu zen.
Bosgarren diskoaren zain, izenbururik eta data ofizialik gabe oraindik, Walk on water abestia saltzen ari da.
Gainera, datorren urtean A Day In The Life Of America dokumentala estreinatzea espero da. Uztailaren 4an grabatu zuten eta AEBko 50 estatuetako 90 istorio biltzen ditu.
Musika taldeak 15 miloi disko baino gehiago saldu ditu dagoeneko. Gainera, sari ugari jaso ditu orain arte, Guinnes bat barne, historiako bira luzeena.