Kargatzen...
Itxi

20:30etik 23:00etara

Guggenheimek 'Reflections'ekin ospatuko du larunbatera arte XX. urteurrena

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Asteazkenetik larunbatera arte, 20:30etik 23:00etara, 20 minutuko saio etengabeak eginez, argi- eta soinu-ikuskizun bat proiektatuko dute museoaren eta horren kanpoaldeko eskulturen gainean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Asteazken honetatik, urriaren 11tik, eta larunbatera arte, hilaren 14ra arte, Guggenheim Bilbao Museoak "Reflections" ikuskizunarekin ospatuko du XX. urteurrena Bilbon. Argi- eta soinu-ikuskizun horrek efektu eta argi-irudi koloristak proiektatuko ditu museoaren aurrealdean (fatxada handienean), soinuarekin batera. Iragarpenaren arabera, eguraldi bikaina izango da horretaz gozatzeko; izan ere, zerua oskarbi egongo da, eta 14-15 gradu inguru izango dira Bizkaiko hiriburuan ikuskizuna proiektatuko duten orduetan. Nahi baduzu, ikusi "Reflections" ikuskizuna online eta zuzenean eitb.eus-en.

Aire zabalean egingo da ikuskizuna, eta, museoaren fatxadaz gain, horren kanpoaldean dauden eskultura enblematikoak ere argituko ditu: Jeff Koonsen "Puppy", Louise Bourgeoisen "Ama" armiarma erraldoia eta Anish Kapoor artistaren bola-dorrea. "Reflections"ek museoaren bildumako lan mitiko batzuk irudikatuko ditu.

Eraikina nola sortu zen ere erakutsiko du proiekzioak. "Gehryk berak egindako zirriborroa islatuko du, baita bihurgune ezinezkoen kalkulu-prozesua eta titaniozko azalaren bariazioak ere", Guggenheim museoak ohar baten bidez azaldu duenez.

Ikuskizuna 59 Productions produkzio-etxeak sortu du, 2012an Londresko Olinpiar Jokoetako hasiera-ekitaldian ere parte hartu zuen enpresak.

Aldaketak zirkulazioan

Hala, Bilboko Udalak ohar baten bidez zabaldutakoaren arabera, lau egun hauetan eskainiko den ikuskizun horren eraginez zirkulazio-aldaketak egongo dira Unibertsitate etorbidean. Etorbide hori bi noranzkoetan egongo da ibilgailuentzat itxita, Salbe eta Agirre Anaien kaleen artean, 19:30etik 23:30era, gutxi gorabehera.

Aldaketok eragina izango dute bidegorrian ere, eta baita kanpoko aparkalekuetan ere, kendu egingo baita Unibertsitate etorbideko tartean. Garajeetako sarrera-irteerak ere itxita egongo dira.

Etenaldi horiek egiten diren bitartean, Bilbobusen zenbait lineatan ere egingo dira aldaketak ohiko ibilbide eta geralekuetan.

Segurtasun-neurriak

Bestalde, Bilboko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak segurtasun-operatibo berezia antolatu eta koordinatuko dute ikuskizunaren inguruetan. Uniformedun patruilak eta kalez jantzita diharduten agenteak arduratuko dira museoaren inguruko segurtasunaz, jende asko pilatu daiteke eta.

Albisteak (5)

Bideoak (1)

Informazio gehiago (2)