Itxi

BTN17

Gaur abiatuko dira finalaurrekoak, Bastidan

EITB.EUS

Leer en Castellano

Final-laurdenetatik sailkatu diren 18 bertsolariei, duela lau urte finalista izandako sei bertsolari batuko zaizkie.

Tolosako saioko irudi bat. Argazkia: EiTB.

Bertsolari Txapelketa Nagusiak finalaurrekoei ekingo die larunbat honetan, Bastidan. Final-laurdenetatik sailkatu diren 18 bertsolariei, duela lau urte finalista izandako sei bertsolari batuko zaizkie.

Urriaren 14an Tolosan egin zen saioarekin amaitu zen txapelketaren lehen fasea, eta finalaurrekoetara sailkatu diren bertsolarien zerrenda erabakita geratu zen, baita hurrengo saioen osaketa ere.

Finalaurrekoek bi itzuli izango dituzte. Lehen itzulian, final laurdenetatik sailkatutako 18 bertsolariek hartuko dute parte, eta haiei batuko zaizkie duela lau urteko txapelketan finalista izandako sei bertsolari. Bastida (gaur, larunbata), Irun (azaroak 1), Maule-Lextarre (azaroak 4) eta Durango (azaroak 12) izango dira lehen itzuliko saioen topagune.

Bastidan, ondorengo bertsolariak igoko dira udal kiroldegiko oholtzara: Igor Elortza, Sustrai Colina, Jon Martin, Agin Laburu, Jone Uria eta Nahikari Gabilondo.

Irunen, Artaleku kiroldegian, lehiatuko direnak, berriz, hauek: Aitor Sarriegi, Maddalen Lujanbio, Alaia Martin, Aimar Karrika, Maddalen Arzallus eta Unai Agirre.

Maule-Lextarren egingo den saioan parte hartuko duen seikotea, honakoa da: Beñat Gaztelumendi, Nerea Ibarzabal, Etxahun Lekue, Beñat Iguaran, Julio Soto eta Nerea Elustondo.

Eta, azkenik, Durangon, finalaurrekoen lehen itzuliari amaiera emango diotenak Aitor Mendiluze, Oihana Iguaran, Miren Amuriza, Iñaki Apalategi, Jon Maia eta Miren Artetxe izango dira.

Finalaurrekoen bigarren itzulia hiru saiotan jokatuko da, Amurrion (azaroak 19), Donibane Lohizunen (azaroak 26) eta Iruñean (abenduak 2), aurreko bueltan puntu gehien batzen dituzten 18 bertsolarien artean. Saio horietan erabakiko da abenduaren 17ko finalerako zortzikotea. Amets Arzallus, duela lau urteko txapelduna, zuzenean joango da finalera.

Sarrerak

Saio guztiak 17:00etan hasiko dira; ateak 15:30ean zabalduko dira. Lehen itzuliko saio hauetarako zein bigarren itzulirako sarrerak eskuragai daude jada Bertsosarrerak atarian zein txapelketako webgunean zehaztutako salmenta puntuetan. Finalerako salgai jarritako 14.000 sarrerak, berriz, agortu dira.

Finalaurrekoak, ETBn eta eitb.eus atarian

ETB4k eta eitb.eus-ek zuzeneko emankizun berezia eskainiko du, Aitzol Barandiaranek, Manex Agirrek eta Uxue Alberdik gidatuta. Era berean, Hitzetik Hortzeran ere jarraitu ahal izango da txapelketa.

Albisteak (3)

Informazio gehiago (1)