Itxi

Antzerkia

Tabuak izango dituzte ardatz DFeriak eskainiko dituen 33 ikuskizunek

Agentziak | Erredakzioa

Arte eszenikoen azokaren hogeita bigarren edizioak 33 ikuskizunen 37 emanaldi eskainiko ditu bederatzi agertokitan.

Ttanttaka Teatroa konpainiak "La casa de la llave" taularatuko du. Argazkia: Gorka Bravo.

Tabuak, debekatuta edota gaitzetsita dauden jokabide edo ekintzak, izango dira DFeria Donostiako Antzerki Jaialdian martxoaren 5etik 8ra ikusi ahalko diren ikuskizunen ardatza. 33 konpainiak 37 emanaldi eskainiko dituzte, bederatzi agertokitan.

Théâtre des Chimères Baionako konpainiak abiatuko du jaialdia, Antzoki Zaharrean. “Dos hermanas” traizioari buruzko komedia interpretatuko dute, gaztelaniaz, zeinetan Olivak, protagonistak, hainbat aldiz eta hainbat modutara hilko baititu senarra eta ahizpa.

Ttanttaka Teatroa konpainiak, bestalde, “La casa de la llave” Fernando Bernuesek zuzentzen duen lana taularatuko du Victoria Eugenia antzokian. Hiru aktorek (Ainhoa Aierbe, Mireia Gabilondo eta Vito Rogado) hiru gizarte langilerena egiten dute lan horretan, indarkeriaren biktimen egunerokoa kontatzeko.

Beste euskal konpainia batek, Vaiven Produccionesek, “Sherezade y las capas de la cebolla” ukitu surrealistak dituen ipuin tragikomikoa aurkeztuko du asteartean, martxoak 6.

Miren Azkarate Donostiako Kultura zinegotziak emandako datuen arabera, programaren %42 dantzak osatuko du, %40 antzerkiak eta %18 beste diziplina batzuek.

Azkaratek, halaber, esan du DFeria arte eszenikoen merkatuan “erreferente” dela dagoeneko.

Albisteak (1)