Izendapena
Edurne Ormazabal, Tabakalerako zuzendari nagusi berria
eitb.eus
Administrazio Kontseiluak gaur goizean hartu du erabakia. Tabakalera osatzen duten erakunde eta espazioetarako estrategia komuna garatu eta proiektua ordezkatuko du, besteak beste.
Edurne Ormazabal izango da aurrerantzean Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren zuzendari nagusia. Hortaz, bera arduratuko da “Tabakalera osatzen duten eragile guztietarako estrategia komun bat garatzeaz, nazioarteko proiekzioan sakontzeaz, harremanak eta finantzazio iturri pribatuak sustatzeaz eta proiektua ordezkatzeaz".
Lanpostu hori sortzea 2016ko irailaren 28an erabaki zuen Administrazio Kontseiluak, eta gaur hartu dute erabakia, 2017ko urrian profila definitu eta hautagaitzak aurkezteko epea zabaldu ondoren.
Gaur egun, EITBko zuzendari komertziala da Ormazabal, eta hainbat proiektu sortu eta garatu ditu enpresan, hala nola Gaztea irratia eta eitb.eus zuzendu. Gainera, urte askoan aritu da Donostiako Zinemaldiarekin lankidetzan.