AMPE sariak
Guggenheim Bilbao Museoak AMPE saria irabazi du 'Bilbotarra naiz' iragarkiagatik
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Arte garaikideko pertsonaia garrantzitsuek bilbotarrei egindako "omenaldi hunkigarria" jasotzen du iragarkiak.
Espainiako Publizitate Hedabideen Elkarteak (Asociación de Medios de Publicidad de España, AMPE) urrezko AMPE saria eman dio Guggenheim Bilbao Museoari, Telebista kategorian, bere 20.urteurrenaren harira egindako "Bilbotarra naiz" iragarkiagatik. “Arte garaikideko pertsonaia garrantzitsuek bilbotarrei egindako omenaldi hunkigarria jasotzen du iragarkiak, modu hurbil eta umoretsuan, eta bertakoen harrotasun aski ezagunari erreferentzia egiten dio, muga guztiak gainditzen baititu horrek”, museotik adierazi dutenez.
AMPE sariek 50 urte bete dituzte publizitate-sormen onena eta hori bitartekora modu egokian doitu eta moldatzea saritzen. 2017. urteari dagokionez sariak asteartean banatu zituzten, Madrilgo Florida Retiro aretoan egin zen Publizitate Hedabideen Urteko Galaren 50. edizioan.
Lehen aldiz jaso du museo batek AMPE sari bat. Guggenheim Bilbao Museoaren kasuan, XX. urteurrenaren harira Estatu osoan egindako telebista kanpainari zor zaio. Zapping Publicidad agentzia egon da iragarkiaren sormen eta errealizazioaren atzean.
“Irabazi asmorik gabeko erakunde profesionala da AMPE, eta publizitatearen eraginkortasunarekiko kezka du sortze-helburu. Elkarte irekia da, publizitate-bideen garapenerako talde eta enpresa profesionalak barne hartzen dituena”, azaldu dute Bilboko museoak zabaldu duen oharrean.