Kanpaina
Kultura bonuen %60 saldu dituzte aste batean
Erredakzioa
Oraindik zabalik dago bideo-spot lehiaketa, bonua publizitatzeko, izan ditzakeen erabilera eta aplikazio ugariak birsortzeko, eta, kulturaren kontsumoa sustatzeko.
Abenduaren 13an Kultura-bonuaren salmenta hasi zenetik, 32.735 bonu saldu dira euskal aurrezki-kutxetan. Lehendabiziko zazpi egunetako datuak eskuan, dagoeneko saldu dira Eusko Jaurlaritzak abiarazitako programan guztira jarritako 52.000 bonuen %62,95.
Kultura-bonuaren salmenta kudeatzen duten entitateek emandako datuen arabera (Bilbao Bizkaia Kutxa, Gipuzkoa Donostia Kutxa eta Vital Kutxa), astelehen eguerdirako 32.735 bonu salduta zeuden, honako banaketarekin: Vital Kutxak 6.012 bonu, Kutxak 6.154 , eta BBK-k 20.569 bonu.
Kanpainan parte hartuko duten 350 establezimenduetan erabili ahal izango da bonua, hiru lurralde historikoetan, eta, lehen esan bezala, establezimenduen kopurua % 22 igo da iazko aldean. Bonua hautatutako establezimenduan gastatu beharko da osorik, eta inolaz ere ez da dirurik itzuliko. Bonuaren truke, honako hauek eskuratu daitezke: Liburuak, testu-liburuak, ikasketakoak eta profesionalak kenduta, musika, edozein euskarritan (CD, biniloa, DVD…), zuzeneko kontzertuetarako sarrerak, Zinema DVD eta beste euskarri batzutan, zinema-sarrerak, zuzeneko ikuskizunak, Ikuskizun eszenikoetarako sarrerak eta museoak Museotan sartzeko sarrerak etsa fidelizazio-txartelak.
Bestalde, oraindik zabalik dago Interneteko lehiaketa, alegia, bideo-spot lehiaketa bat bonua publizitatzeko, izan ditzakeen erabilera eta aplikazio ugariak birsortzeko, eta, oro har, kulturaren kontsumoa jolaseko, aberaste pertsonaleko eta garapen kulturaleko iturri moduan sustatzeko. Bideoek 40 segundotik beherako iraupena izango dute, eta web horretatik xede horretarako deskargatu ahal izango diren azala eta ginglea erantsiz editatuta egon beharko dira.
3.000 euroko sari bat ezarri da spot onenarentzat, eta 2.000 euroko beste bat, bigarren sailkatuarentzat. Beste bi sari-modalitate ere egongo dira: ikusleen saria, eitb.com-en bidezko spot bozkatuenerako (1.000 euroko saria) eta 200na euroko beste bi sari (40 euroko bost bonu) bozkatzaileen artean zozketatzeko.