Itxi

Invisible Beauty

Dantza, alzheimerraren aurka

Natxo Velez | eitb.eus

Leer en Castellano

Ai Do Project Iker Arruek zuzentzen duen dantza konpainiak eta AFAGI alzheimerra duten pertsonen lagun eta senideen elkarteak ‘Invisible beauty’ proiektua aurkeztuko dute irailaren 12an, Donostian.

Leire Otamendi, Paula Martinez eta Iker Arrue dantzariak. Argazkia: Iñaki Alforja.

2013. urtean, Ai Do Project Donostiako dantza konpainiak eta AFAGI Alzheimerra edo beste Dementzia bat duten Pertsonen, Senitartekoen eta Lagunen Gipuzkoako Elkarteak lankidetza abiatu zuten, dantzaren bidez alzheimerra duten pertsonei laguntzeko: ariketen bidez, musika eta mugimendua erabiliz, gaitzak jotako pertsonek oraindik indarrean dituzten ahalmenak lantzen dituzte, “prozesu degeneratiboa moteltzeko”, Iker Arrue konpainiaren zuzendariak azaldu duenez.

Aitari gaixotasuna atzeman eta gero abiatu zuen Arruek ekimena, AFAGIko psikologo eta bestelako adituekin batera. Dantzariak etxean aitarekin egindako ariketek beste gaixoei ere lagun ziezaieketen aztertu nahi zuten elkarrekin, eta 2013ko ekainean dantzarien eta gaixoen arteko lehen topaketa egin zuten, Arruek eta aditu taldeak hitzartutako ariketak lagungarri izan zitezkeelakoan.

Loreto Mauleon aktorea eta Myriam Perez dantzaria. Argazkia: Iñaki Alforja.

‘Invisible beauty’ proiektuaren topaketa horietan, alzheimerra duten pertsonentzat egokitutako dantza pieza bat aurkezten dute, eta musika eta mugimendua erabiltzen dute beraiekin ariketak egiteko lanabes gisa. Gainera, konpainiak dantza saio bat eskaintzen die bertaratutakoei amaieran, eta beroriekin solasean aritzen dira gero, maila fisikoan lagundu, eta alzheimerra dutenak kultura bizitzan integratu daitezen.

Donostia Kulturaren, Gipuzkoako Dantzagunearen eta Musikene ikastegiaren laguntzaz eta Kutxa Fundazioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesaz egiten dituzten saioon helburua “gaixotasuna normaldu eta berorrek jotakoei ikusgarritasuna ematea” da, Arruek azaldu duenez, eta, bide horretan, saio irekia egingo dute irailaren 12an Donostian, Antzoki Zaharrean, 19:00etatik aurrera. Han, gainera, Iñaki Alforjak ekimenari buruz zuzendutako dokumentala estreinatuko dute.


Argazkia: Iñaki Alforja