42. edizioa
Euskal Herriko Dantza Txapelketaren 42. edizioa, gaur, Seguran
EiTB
Aurten hamalau bikote arituko dira nor baino nor gehiago. Atsedenaldian Andoni Aresti dantza eskolaren emanaldia izango da.
Euskal Herriko Dantza Txapelketaren 42. edizioa jokatuko da gaur (urriak 20). Hamalau bikote arituko dira nor baino nor gehiago Segurako Baratze pilotalekuan, arratsaldeko 18:00etan. Jaialdia Izaro Iraetak eta Imanol Artolak gidatuko dute eta gauean izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, 22:00etan.
Asteazken honetan (urriak 17) egin da dantza txapelketaren aurkezpena EiTBren Donostiako egoitzan. Bertan aritu dira: Eñaut Telleria, Segurako alkatea; Mari Jose Telleria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaria; Antton Mendizabal, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko dantza sueltoko arduraduna, eta Andoni Salas, ETBko programa berezien arduraduna.
Hamalau bikote arituko dira lehian Seguran, eta horietatik hamabi gipuzkoarrak dira: Maider Aginaga-Iker Belintxon (Lezo), Maider Arrieta-Jon Ander Iriondo (Azpeitia), Larraitz Larrañaga-Amets Amubieta (Azpeitia), Idoia Narbaiza-Irati Olaizola (Legazpi), Ane Urruzola-Iker Sanz (Villabona-Lezo), Elaia Elorza-German Aranburu (Azpeitia), Idoia Besada-Xabier Artola (Pasaia-Irura), Saioa Galarraga-Julen Murgiondo (Bergara), Maite Beobide-Mikel Subinas (Azpeitia), Enara Arrizabalaga-Iker Sarasua (Azpeitia-Azkoitia), Laura Bastida-Ekain Uzkudun (Azpeitia) eta Leire Eizmendi-Gorka Kerejeta (Errezil-Azpeitia). Hamahirugarren bikotea, Sara Chaves-Gorka Etxeandia, Gasteiztik dator, eta hamalaugarrena, Oihana Dottax-Pierre Latasa, Lapurditik, Ainhoa eta Urruña herrietatik hain justu.
Dantzariek zortzi pausoko fandangoa txistuz, Isilkara txistulari taldearen musikarekin, eta arin-arina trikitiaz, Estanga anai-arrebak trikitilarien piezarekin, dantzatuko dute. Lau doinu izango dituzte aukeran, bi fandango eta bi arin-arin.
Epaimahaia Euskal Dantzarien Biltzarreko bost adituk osatuko dute: Josu Ibarra, Koro Sarasola, Ander Garitaonaindia, Nahikari Vizuete eta Xabier Mendizabal. Janzkera epaileak, berriz, Ainhoa Mendiburu eta German Nestares izango dira.
Imanol Artola eta Izaro Iraeta aurkezleek Juan Mari Sorazu dantza adituaren laguntza izango dute dantzarien jardunaren inguruan azalpenak emateko. Bestalde, Agustin Ezenarro kazetariak protagonistak elkarrizketatuko ditu.
Epaimahaiak erabakia eztabaidatzen duen bitartean, Andoni Aresti dantza eskolako goi mailetako ikasleek Kanta arina ikuskizuna eskainiko dute. Andoni Arestik eta Maria Martinek sortutako koreografia da, Roberto Etxebarriaren musika oinarri hartuta. Dantza emanaldian zuzeneko musikaz arduratuko dira Roberto Etxebarria bera (soinu txikia eta ahotsa), Miren Etxebarria (ahotsa), Idoia Markaida (panderoa), Jose Mari Palacios (kajoia) eta Maria Martin (esku-ahurrak).
Bestalde, omenaldia egingo zaio aurten hil den Jesus Mari Garate dantza maisu ordiziarrari. Segurako dantza txapelketari egindako ekarpenagatik esker ona jasoko dute haren alargunak, Kontxi Naldaizek, eta alabak, Aizpea Garatek.
III. Dantza Eguna eta bisita gidatuak
Euskal Herriko Dantza Txapelketaren karietara, III. Dantza Eguna ospatuko da Seguran larunbatean. 11:30ean polka erraldoia dantzatuko da herriko Azpilla taldeak zuzenduta. Ondoren dantza plaza gidatuak egongo diraTtipika taldearen eskutik. Herri bazkariaren ostean, Tio Teronen Semeak taldeak Festamentua ikuskizuna eskainiko du.