XVIII. Kongresua
Demokratizazioan oinarritutako eredu berri baten alde egin du Eusko Ikaskuntzak
eitb.eus
Urriaren 5ean hasi zen Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresua. Ondorio nagusien aurkezpenarekin azaroaren 23an amaituko da Oñatin.
Ostiral honetan Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuaren bosgarren saioa egin dute, bi bloketan banatuta. Lehenengo zatian europar integrazio prozesuan eskualdeek jokatzen duten rola aztertu da, bai eta eskualdeak onartzeko politika proaktiboagoak garatzeko aukera, lurralde kosmopolizatuetako gobernantza eta erabakitzeko eskubidea.
Bigarren partean, demokratizazio prozesuak eta lurralde kohesioa, subiranotasun printzipio demokratikoak eta euskal lurraldeen arteko harremanak eta lankidetza sendotzeko tresnak landu dira.
Eztabaida eta talde lanean, Kongresuak aurrera egin du hiritar eta euskal lurraldeetako eragileen arteko elkarrekiko gogoetan: euskal lurraldeek munduan, Europan eta estatuekin (espainiarra eta frantziarra) dituzten harremanak; demokratizazioa eta euskal lurraldeen kohesioa izan dira aztergai.
Ondorioei dagokienez, demokratizazioan oinarritutako gobernantza eredu berri baten aldeko apustua egin da, honek elkarbanatutako borondateak bideratu eta gatazkak modu konstruktiboan kudea ditzan. Azkenik, Kongresuaren ustez, Eusko Ikaskuntza da aproposena eragile, hiritar, aditu eta erakundeen arteko gogoetak egituratzeko.
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Miren Azkarate Donostiako Udaleko zinegotzi-ordezkaria eta Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako presidentea izan dira ostiral honetan bosgarren saioan.
Urriaren 5ean hasi zen Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresua bost saioen batuketa eta Kongresuaren Ondorio Nagusien aurkezpenarekin azaroaren 23an amaituko da Oñatin. Bertan, saioka parte hartutakoek jardun-ardatzen arteko harremana eta geroari abagune eta erronka berriak ezagutzara emango dira.
Hurrengo egunean, azaroaren 24an Oñatin, Eusko Ikaskuntzaren 100 urteak gogora ekarriko dira euskal lurraldeetako ordezkari instituzional, Eusko Ikaskuntzako bazkide, kongresuko partaide eta herritarren parte hartzearekin. Efemeride historikoaren lekuko bizia izateko gonbitea luzatzen du Eusko Ikaskuntzak interesa izan dezaken orori.