Euskaraz eta gaztelaniaz
Belakok jarriko dio musika Arriagak aurkeztuko duen 'MacBeth'en bertsioari
eitb.eus
Arriaga antzokiaren ekoizpena otsailean estreinatuko dute. Alex Gerediagak zuzenduko du, eta Belakoren musika antzezlan osoan zehar egongo da entzungai.
Arriaga antzokiak Macbeth Shakespeareren lan klasikoaren bertsio berri bat aurkeztuko du, Belako musika taldearen doinuak izango dituena lagun.
Alex Gerediaga zuzendari bilbotarrak eta bere taldeak tragedia “azkar, aztoragarri eta odoltsua” eszenara eramateko erronkari aurre egin diote, “sorkuntza ildoa traizionatu barik”. Belako taldearen abestiek oso pisu garrantzitsua izango dute antzezlanean.
Mungiar taldearen abestiek soinu euskarria emango diote Macbeth antzezlanari hasieratik amaierara, une batzuetan lehen planoan, beste batzuetan atmosfera gisa eta une oro elementu garrantzitsu moduan.
Alex Gerediaga zuzendariak eta antzezle taldeak (Miren Gaztañaga, Mikel Losada, Iosu Florentino, Arrate Etxeberria, Na Gomes, Gabriel Ocina, Maria Urcelay, Leire Ucha, Sandra Fdez. Aguirre, Kepa Alesso, Iñigo Aranbarri eta Pako Revueltas) aste batzuk daramatzate lanean, eta, berorien arabera, “istorioari eta pertsonaiei dagokienez oso erraz ezagutuko dugun Macbeth ari gara prestatzen, baina oso eszenaratze desberdina eta estetikaren ikuspegitik oso zaindua izango du”.
Euskaraz estreinatuko da antzezlana, otsailaren 9an eta 10ean (ikasleei eta taldeei eskainitako emanaldiak ere egongo dira otsailaren 7an, 11n eta 12an), eta gaztelaniaz ikusi ahal izango da ondoren, otsailaren 14tik 17ra. Sarrerak salgai daude jada.