KSI Berritzaile programa
Kultura eta sormen industria bere lehiakortasuna bultzatzen saiatu da Euskaldunan
eitb.eus
Euskalduna Jauregian jardunaldi bat egin dute sektorerako laguntza-programa berriaren ardatzak ezagutarazteko. Belen Santa-Olalla Stroke114 antzerki-konpainiaren zuzendariak parte hartu du.
Bilboko Euskalduna Jauregian jardunaldi bat egin dute ostiral honetan, kultura eta sormen sektorerako laguntza-programa berriaren ardatzak ezagutarazteko; izan ere, Euskadiko RIS3·Berrikuntza Estrategiaren espezializazio-eremuetako bat da sektore hori, Eiken Clusterrak agiri batean azaldu duenez.
Belen Santa-Olallak parte hartu du, Stroke114 antzerki-konpainiaren zuzendari eta Londresko Conducttr enpresako sormen-arduradunak, eta Games of Thrones telesail arrakastatsuaren unibertsoari buruzko ikuspegia eskaini du.
Kultura eta Sormen Industriak (KSI) –barnean, arte eszenikoetatik ikus-entzunezko edukietara, besteak beste, ia 20 jarduera hartzen dituztenak– Europako berrikuntzaren bultzatzaileetako bat bilakatu dira; milaka enplegu sortu dituzte azken urteotan, eta Europako BPGaren %7 inguru dira jada.
Nolanahi ere, Euskadiri buruzko txostenek erakusten dute, azken urteotako hazkundea gorabehera, Euskadin sortutako aberastasunaren %4 inguru baino ez direla EAEko KSIak (oso sektore atomizatua da; gaur egun, ia 15.000 erakunde daude erregistraturik eta 70.000 enplegu inguru).
Zenbait faktore Euskadiko KSIen etorkizuneko garapena oztopatzen ari dira, hala nola haien neurri txikia, berrikuntza teknologikoen erabilera txikiagoa, enpresa-kudeaketarik edo antolamendu-eredu profesionalik eza edota proiektuak oso nazioartekotuta ez egotea.
Testuinguru horretan, Eiken – Euskal Herriko Ikus-entzunezko Enpresen Klusterrak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarekin batera, jardunaldi bat antolatu du Bilboko Euskalduna Jauregian, Euskal Herriko KSI guztiei zuzendutako programa berriaren ezaugarri nagusiak ezagutarazteko.
'Eduki digitalen iraultza KSIetan. Zer-nolako onura ekar diezaiokete nire enpresari?' izeneko jardunaldian, KSI Berritzaile programaren aurreko edizioan kultura- eta sormen-industrietako zenbait enpresak gauzatutako jardunbide egokien adibideak ez ezik, laguntza-edizio berriaren gakoak ere identifikatzen saiatu dira.