Itxi

Haurrentzako zinema zikloa

Zinegabonak ekimena, abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra

EITB

Leer en Castellano

Eusko Jaurlaritzak, Zineuskadiren bitartez, EiTBrekin eta EZAErekin batera aurkeztu du gabonetako haurrei zuzendutako zinema zikloa.

Maite Romero EZAE, Joxean Muñoz Kultura sailburuordea eta Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusia

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Zineuskadiren bidez, Zinegabonak zikloa aurkeztu du gaur, EiTBrekin eta EZAE Euskadiko Zine Aretoen Elkartearekin batera. Programa honek, abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra bitartean, 11 pelikula eskainiko ditu euskaraz haurrentzat. Zikloa indarberrituta dator edizio honetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Iparraldeko sei aretotara iritsiko da: Multibox aretoak – EiTB (Bilbo), Donostiako Príncipe aretoak, Errenteriako Niessen aretoa, Amorebietako zinema-aretoa, Iruñeko Golem Baiona aretoak eta Urruñako (Lapurdi) Itsas-Mendi zinema-aretoa. Aurten, gainera, Zinegabonak programak bi pelikula eskainiko ditu Barakaldoko BECen antolatzen den Gabonetako PINean. Eusko Jaurlaritzak, EiTBk eta EZAEk gaurko hitzordua aprobetxatu nahi izan dute 2019ari begira Zinema Euskaraz programaren berrikuntzez ere hitz egiteko, oso hazkunde esanguratsua izaten ari baita ekimena.

Kultura sailburuorde Joxean Muñozek, EiTBko zuzendari Maite Iturbek eta EZAEko ordezkari Maite Romerok aurkeztu dute Zinegabonak zikloaren edizio berri hau. “Zinema Euskaraz programaren arrakastak erakutsi egiten digu familiek gero eta gehiago eskatzen dutela zinema euskaraz. Urte osoan zehar, eta Zineuskadiren lanari esker, Zinema Euskaraz programak gero eta leku gehiagotara iristen ari den eskaintza kudeatzen dihardu. Gabonetan, kontuan hartuta familiarekin zinemaz gozatzeko garaia izaten dela, Zinegabonakek bikoiztu egiten du eskaintza eta programa erakargarria eskaintzen du, aurten BECen antolatzen den PINera ere iritsiko dena”, adierazi du Muñozek.

EiTBren aldetik, Maite Iturbek nabarmendu du erakunde publikoak euskal zinemarekin hartua duen konpromisoa eta, bereziki, euskarazko zinemarekin: “EiTBk konpromiso sendoa du euskal zinemarekin. Inbertsioak egiteaz gain, aktiboki parte hartzen du proiektuen azterketan eta gidoien hobekuntza prozesuetan.  Halaber, umeen artean euskarazko zinema sustatzea garrantzitsua dela uste dugu, haur eta gazte hauek izango baitira etorkizunean Euskal Herrian ekoiztuko den zinemaz gozatuko dutenak. Ohitura onak txikitatik hartzea komeni dela badakigu”.

La programación

Zinegabonak zikloa asteazkenean, abenduak 26, hasiko da Multibox-EITB aretoan, ‘stop motion’ teknika oinarri izango duen tailerrarekin. Tailerra Donostian, Errenterian eta Zornotzan ere eskainiko dute eta, tokiak osatu arte, adin guztietako gazteek parte hartu ahal izateko moduan diseinatuta dago. Parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da 7 urte baino gutxiagokoak heldu batekin batera joatea. ‘Stop motion’ argazki-hartualdi jarraituetan oinarritutako filmatze-teknika da. Plano bakoitza aurrekoarekiko zertxobait aldatzen da eta, hala, animazio baten ilusioa sortzen da. Marrazki bizidunetan eta plastilinazko edo material moldagarriekin sortutako panpinekin egindako film laburretan ikus dezakegu hori, adibidez. Teknika horren ezaugarri zirraragarriena honako hau da: parte-hartzaileak ez daki emaitza zein izango den amaituta ikusi arte. Tailerra garatzeko beharrezko materiala Zineuskadik eskainiko die parte-hartzaileei zinema-aretoan bertan. Tailerren prezioa filmetako berbera izango da: saio bakoitzeko euro bat.

Era berean, aurten, Zinegabonak programa zabaldu egingo da arratsaldeko ordutegira (18:00) Barakaldoko BEC eraikinean egin ohi den Gabonetako Parkean (PIN) eskainiko diren bi filmen bidez. Honako hauek dira hautatutako filmak: Zikoinak (abenduak 22 eta urtarrilak 3) eta Batman Lego (abenduak 23 eta urtarrilak 4); bi filmak Warner Bros. Animation-ek ekoitzi ditu. Egun berean PINeko sarrera aurkeztuta, saioak doakoak izango dira.

Gainerako programazioari dagokionez, nabarmendu beharrekoa da familia osoarentzako filmak direla. Hala, adin ezberdinetako ikusleek aisialdiaz euskaraz gozatu ahal izango dute lan hauekin: Maya Erlea: ezti-jokoak (Australia, 83’), Harpetarra (Erresuma Batua, 90’), Albert (Danimarka, 80’), Richard Zikoina (Alemania, 80’), Sagu eta Pagu (Turkia, 88’), Igelen Erresuma (Txina, 86’), Leo Da Vinci: Mona Lisa Misioa (Italia, 120’), Axel heroi txikia (Txina, 80’), Iparraldeko Norman (AEB, 66’) eta Olentzero eta Amilaren sekretua (Euskadi, 70’).

Zinema Euskaraz

Bestalde, Kultura sailburuorde Joxean Muñozek nabarmendu egin du Zinema Euskaraz programa hartzen ari den zabalkundearen garrantzia. “Familiek erakutsi dute haurrei zuzendutako euskarazko zinemaz gozatu nahi dutela, eta horri esker zabalkunde nabarmena izaten ari da Zinema Euskaraz programa. Batetik, Zinema Euskarazeko estreinaldiak gure hiriburuetako zinema-areto komertzialetara iristen ari dira, non bere publikoaren portzentaje handi bat biltzen den. Horrez gain, azken urteotan, beste hainbat herrietako areto komertzialetara ere hedatu da programa. Hirugarrenik, ikusten ari gara zabaltzen hasia dela areto komertzialik ez duten gero eta leku gehiagotara, Zineuskadiri eskatu egiten baitiote pelikulak auditorioetan eta kultur etxeetan proiektatzeko aukera izatea”.

Aipatzekoa da Zinema Euskaraz programa berrogeita hamar bat areto komertzialetara iristen dela Euskadin eta Nafarroan, eta 2019an areto komertzialik ez duten dozena bat herritara iritsiko dela. Bestalde, sailburuordeak azpimarratu du Euskal Kultur Erakundearekin lortutako akordioaren garrantzia, aukera ematen ari baita Zinema Euskaraz programako pelikulak Iparraldeko ikastegietara iristeko, mugaren bestaldeko haurrek euskarazko zinemaz gozatu ahal izan dezaten. Aurten, Iparraldeko 55 ikastetxetako 2.642 haurrek disfrutatu ahal izan dute haurren zinemarekin euskaraz; eta gure aurreikuspena da 2019an 64 ikastetxetako 4.537 haurrengana heltzea.

2019ari begira, Zinema Euskaraz programak estreinaldi hauek ditu ziurtatuta: Asterix, edabe magikoaren sekretua; Lego Filma 2; Dragoi Bola Boly; Pokemon: Detective Pikachu; Up and Away;  y Ernets & Celestine neguko ipuinak. Urtero bezala, 12 film inguru estreinatuko ditu.

Zinema Euskaraz 2012an sortu zen, euskaraz bikoiztutako pelikulen ahalik eta eskaintza zabalena zinema-areto komertzialetara eta alternatiboetara eramatea helburu hartuta. Programa honek urtero ekartzen ditu nazioarteko hamabi estreinaldi, gehienak animazioko filmak, eta milaka ikuslerengana eramaten du euskarazko zinema. Eusko Jaurlaritzak, aurten, 335.000 euro inbertituko ditu programa honetan, eta horri gehitu behar zaio 40.000 euroko inbertsioa Filmazpit programan.

Zineuskadik kudeatzen ditu bai Zinegabonak, bai Zinema Euskaraz. Zineuskadi elkartea euskal ikus-entzunezko sektorea bultzatzeko helburuarekin sortu zen, eta bertako bazkideak dira Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, EiTB, Donostiako Zinemaldia, Euskadiko Filmategia eta Euskadiko ekoizleen bi elkarteak: IBAIA eta EPE-APV.

Zinegabonaken programazioa

Honako hau da tailerren eta filmen egutegia (BECeko eskaintzaz gain):

MULTIBOX ARETOAK – BILBO

Asteazkena, abenduak 26, 11:30 - Stop motion tailerra

Osteguna, abenduak 27, 11:30 – Paddington 2

PRINCIPE ZINEMAK - DONOSTIA

Ostirala, abenduak 28, 11:30 - Stop motion tailerra

Larunbata, abenduak 29, 11:30 – Maya Erlea: Ezti-jokoak

Igandea, abenduak 30, 11:30 – Igelen Erresuma

NIESSEN ZINEMAK – ERRENTERIA

Osteguna, abenduak 27, 11:30 - Stop motion tailerra

Larunbata, abenduak 29, 11:30 – Harpetarra

Igandea, abenduak 30, 11:30 – Leo Da Vinci: Mona Lisa Misioa

ZORNOTZAKO ZINEMAK

Asteazkena, abenduak 26, 11:30 - Stop motion tailerra

Larunbata, abenduak 29, 11:30 - Albert

Igandea, abenduak 30, 11:30 – Axel heroi txikia

GOLEM BAIONA – IRUÑEA

Larunbata, abenduak 29, 11:30 – Richard Zikoina

Igandea, abenduak 30, 11:30 – Iparraldeko Norman

ITSAS MENDI ZINEMA – URRUÑA

Larunbata, abenduak 29, 11:30 – Sagu eta Pagu

Igandea, abenduak 30, 11:30 – Olentzero eta Amilaren sekretua