Donostian
Kontxako Estropadak Kultur Ondare izendatzeko eskatuko du Udalak
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari Estropadak Kultur Ondare Ukiezin izendatzeko eskatuko dio hiriko Udalak. Mota honetako lehen adierazpena izango litzateke Euskadin.
Donostiako Udalak Kontxako Estropadak Kultur Ondare Ukiezin izendatzeko eskaera egingo dio Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari.
PSE-EE, Aralar eta Alternatiba alderdiek egin dute adierazpen instituzionala, eta martxoaren bukaera aldera egingo duten osoko bilkura eztabaidatuko da, onar dezaten. Ondoren Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari aurkeztuko diote. Proposamena onartzen baldin badute, mota honetako lehen adierazpena izango litzateke Euskadin.
Odon Elorza Donostiako alkateak eta Denis Itxaso Kultura zinegotziak iragarri dute, gaur. Donostiako nasan egin dute agerraldia, eta euskal arraun munduko hainbat ordezkari izan dira bertan.
''''Kirol proba bat baino gehiago da'''', esan du Itxasok. ''''Ehunka urteko tradizioa osatzen duten hainbat erritu dakartza'''', gaineratu du.
Arrain ontzien arteko txapelketek izaera herrikoia zuten XIX. mendea ondo aurreratuta egon arte. 1879an hasi zen Donostiako Udala estropadak Koruko Ama Birjinaren jai-programan sartzen. Duela 130 urtetik hona, tradizioari eutsiz, iraileko lehen bi igandeetan, eguerdiko hamabietan, zortzi traineruk 1,5 itsas miliako bi luzera egiten dituzte, ziaboga bakar batekin. Milaka ikusle biltzen dituzte, hainbat herritatik etorrita.
Portaletan egiten diren apustuak, ontzien pisaketa, estropada-eremua neurtu eta babestea, prismatikoak, transistoreak, hamaiketakoa... Horiek denek erritu bat osatzen dute, Udaleko ordezkariek gogoratu duenez.
Izendapena lortzen baldin badute, ''''pauso gehiago emango ditu ekimen honek'''', esan dute arduradunek. ''''Beharbada, etorkizunean, Unescoren gizadiaren ondare izendapena lortzeko aukera ere egongo litzateke''''.