Donostian
Txillardegi omendu du Korrikak, euskararen alde egindako lanagatik
eitb.eus
Jakin eta EHUren laguntzarekin, linguista donostiarrak euskara batuaren sorrean izandako garrantzia azpimarratu dute antolatzaileek, eta aldarrikatu dute inoiz ez dela berandu hizkuntza ikasteko.
Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi, linguista eta idazlea omendu du Korrikak Musikene entzunaretoan, Donostian.
Ehunka pertsonak aretoa bete dute Txillardegiri omenaldi hunkigarria eta hurbila egiteko. Jakin aldizkariak eta Euskal Herriko Unibertsitateak ere parte hartu dute ekitaldian.
AEKk eta Korrikak esker oneko oroigarria eman diote 2012an zendu zen Txillardegiren familiari.
Ekitaldian, antolatzaileek Txillardegik euskararen alde, normalizazioaren alde eta euskara batua sortzen egindako lana goraipatu dute. Mugarri horiek, gainera, 18 urterekin euskara ikasten hasita lortu zituen Txillardegik.
Izan ere, omenaldian bildutakoek euskara ikasteko "inoiz ez dela berandu" aldarrikatu dute. AEKko Mertxe Mugikak euskara batuak alfabetizazioan izan duen garrantzia nabarmendu du. "Euskararen historian baldin badago gauza oinarrizko bat, hori da estandarra sortu izana: euskara batua", azpimarratu du.
Korrikaren metafora, hots, Txillardegiren kezka nagusia, aipatu du Mugikak: "herria eta hizkuntza". "Herriak hizkuntza beharrezkoa du, eta Euskal Herriak euskara ezinbesteko ezaugarria du", defendatu du.
Gainera, omenaldian Kote Camachok zuzendutako Txillardegiren klika dokumentala estreinatu dute. Oinarrian, linguistari Korrika 14ean egin zioten elkarrizketa dago.
Bernardo Atxaga eta Harkaitz Cano bezalako idazleen hitzak ere entzun daitezke pelikulan.