Kultura politika
Eusko Jaurlaritza kultur politikak sortzaileengana hurbiltzen saiatuko da
eitb.eus
Iazko ekitaldian, zazpi milioi euro bideratu zituzten dirulaguntzen hamabi deialdi irekitan 460 proiektu babesteko.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak kultur sorkuntza sustatzeko iazko ekitaldian bideratu ziren dirulaguntza irekien balantzea aurkeztu du gaur, eta Sailak kultura politika horiek sortzaileengana hurbiltzeko pauso bat emango duela aurreratu du.
Kultur sorkuntza sustatzeko 460 proiektu babestu ziren iaz, Zupiriak aletu duenez, 12 dirulaguntza deialdi irekitan bildutako 39 modalitateren bidez, eta dirulaguntza horiek 7.579.315 euroko aurrekontua izan zuten.
“Proiektuak aurrera ateratzen lagundu nahi diegu sortzaileei, eta ehunka sortzaile babesten dira urtero. Horrez gain, euskal sorkuntzaren sustapena ardatz duten bestelako programak ere bultzatzen dira Sailetik; hala nola, Eremuak, Noka Mentoring edota Gure Artea Sariak, beste askoren artean. Ekimen hauen bitartez 7,2 milioi euro inguru inbertitzen dira”, Zupiriaren arabera.
Sortzaileengana hurbildu
Joxean Muñoz sailburuordeak azaldu duenez, Sailak esfortzu bat egin nahi du politika horiek sortzaileengana hurbiltzeko: “Badaude hainbat egile politika horiek ezagutzen ez dituztenak. Hori dela eta, aurrerapauso bat eman eta kalera atera nahi izan dugu, sorkuntza-gunetara gerturatu, kultur jarduera hori nola babes dezakegun azaltzeko”.
Horretarako, EHUko hiru campusak, Deustuko Unibertsitatea, Musikene, Dantzerti eta gisa horretako beste zenbait zentro bisitatuko dituzte eta webgune bat abiatuko dute sorkuntza sustatzeko dirulaguntzen inguruko informazioa jasotzeko.
Eusko Jaurlaritzaren deialdi irekiek hainbat esparru hartzen dituzte: antzerkirako testuak, zinemarako gidoiak, musika konposizioak, liburuak, koreografiak, dantza ekoizpenak, film luze eta laburrak, komikiak…