Arkitektura
Arata Isozakik irabazi du 2019ko Pritzker Saria
Agentziak | Erredakzioa
Ehunka obraren egilea da japoniarra; horietako bat, Bilbon. "Arkitekturaren Nobela" da Hyatt fundazioak ematen duen saria.
Arata Isozaki arkitekto japoniarrak irabazi du 2019ko Pritzker Saria, erakundeak Twitter-en iragarri duenez. Isozaki da Isozaki Atea eraikin gunearen autorea.
1931n jaio zen, eta Oitan (Japonia) eta Tokyon Arkitektura ikasi ostean, Kenzo Tange arkitektoarekin egin zuen lan. Ordudanik, ehun obratik gora sortu ditu, eta erakusketa ugari egin ditu nazioarteko arte gune garrantzitsuenetan.
Japonian eta herrialde horretatik kanpo egin ditu proiektuok. Bartzelonako Palau Sant Jordi pabilioi olinpikoaren diseinua (1983-1985) dago horien artean.
Lan aipagarrienen artean daude Los Angelesko Arte Garaikideko Museoa (Estatu Batuak), Floridako Tema Disney Building (Estatu Batuak), Shenzhengo Kultura Zentroa (Txina), Turingo Pala Alpitur izotz-hockey estadioa (Italia), Beijingo Arte Ederretako Akademia Zentrala-Arte Museoa (Txina), Milango Allianz Dorrea (Italia), Dohako Batzarren Zentroa (Qatar), Shangai Symphony Hall (Txina) eta Hunan Museoa (Txina).
Gainera, arkitekto japoniarrak Iñaki Aurrekoetxearekin batera sortu zuen 2008an Isozaki Atea, zazpi eraikineko gunea, Bilboko Abando auzoan, 82 metro eta 23 pisuko bi dorre bikirekin eta sei eta zortzi pisu arteko beste bost eraikinekin. Saltokiak, etxebizitzak eta Eusko Ikaskuntza eta Unesco Etxearen egoitzak daude bertan.
Isozaki Atea. Argazkia: Wikipedia.
Pallafolseko polikiroldegiko eta Sant Boiko Nekazaritza plaza eta Muntanyeta proiektuen autorea ere bada Isozaki, Bartzelonan.
Santiago de Compostelan Unibertsitate Parkea eta Ikasketa Aurreratuen Zentroa egin zituen Isozakik. Bartzelonako La Florida Hotelaren birmoldaketaren eta Sevillako Triana Atea eta Aragoiko Motorraren Hiria proiektuen arduraduna ere izan da japoniarra.
Arata Isozaki is the 2019 Laureate of the Pritzker Architecture Prize pic.twitter.com/XdTDWYcRlD
— Pritzker Prize (@PritzkerPrize) 5 de marzo de 2019