Gasteizek arauak betetzen dituzten kontzertu guztiak onetsiko ditu tabernetan
Gorka Urtaran alkateak azaldu duenez, ez da trabarik jarriko edukierari, soinu-isolamenduari eta ordutegiei buruzko arauak betetzen dituzten tabernetan kontzertuak antolatzeko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak gaur ostiralarekin iragarri duenez, Udalak kontzertu guztiak onetsiko ditu edukierari, soinu isolamenduari eta ordutegiei buruzko arauak betetzen dituzten tabernetan.
Arabako hiriburuko Udalaren arabera, ostalaritza establezimenduen “jarduera nagusiaren jarduera osagarriak” dira arte eszenikoko ikuskizunak eta musika ikuskizunak, eta horrenbestez, ez die eragiten Eusko Jaurlaritzaren 17/2019 Dekretuaren 106.1.b) artikuluak ezarritako urtean egin daitezkeen ekitaldi kopuruaren mugak.
Izan ere, Eusko Jaurlaritzak onartu eta apirilean indarrean sartzekoa den erreglamendu berriaren arabera, lizentziarik ez duten ostalaritza establezimenduetan urtean gehienez hamabi kontzertu antolatu ahalko dira, hilean bi baino gutxiago.
Jakinarazpena, nahitaezkoa
Alkateak jarraibide bat sinatuko du interpretazio irizpide hori ezartzeko, EAEn ikuskizun publikoak eta jolas-jarduerak egitea arautzen duen Eusko Jaurlaritzaren dekretuari dagokionez.
Urtaranek azaldu duenez, nolanahi dela ostalaritza establezimenduen arduradunek aldez aurretik jakinarazi beharko dituzte jarduera horiek. Gainera, ezin izango dituzte establezimenduaren gehieneko edukiera ez aretoaren autobabeserako plana aldatu (horrelakorik edukiz gero), ezta establezimenduaren ordutegia edo lokalaren instalazioak edo konfigurazioa moldatu ere.
Halaber, zaratei buruzko udal-araudian ezarritako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.