Itxi

Musikala

‘West Side Story’ izango da uda honetako musikala Arriaga antzokian

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Bilboko antzokiak musikal historikoaren 30 emanaldi eskainiko ditu abuztuaren 14tik hasita.

Abuztuaren 14tik aurrera taularatuko dute musikala Bilbon

Arriaga antzokiak West Side Story-ren hogeita hamar funtzio eskainiko ditu udan, abuztuaren 14an hasi eta irailaren 8ra arte, Aste Nagusian tartean, Bilboko espazioak gaur ohar baten bidez jakinarazi duenez.

SOM Producek ekoitzi eta Madrilen 2018an estreinatutako bertsioa ekarriko dute Euskal Herrira, Federico Barriosen zuzendaritzapean. Iaz erakutsi zuten lehenengoz, Leonard Bernstein konpositorearen jaiotzaren mendeurrenean.

West Side Story-n, Arthur Laurensen libretoak New Yorken kokatzen du Romeo eta Julieta Shakespeareren lana: elkarrekin maiteminduta dauden bi gazte harrapatuta geldituko dira Jets estatubatuarren eta Sharks puertorricarren, kaleko bi bandaren, arteko borrokan.

Asteazkenean, martxoak 20, jarriko dituzte sarrerak salgai, 12 eta 59 euro arteko prezioan.