Chillida Leku Museoa
Chillida Lekuk 1.200 sarrera zozkatuko ditu, museoa inauguratu aurretik bisitatzeko
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Chillada Leku apirilaren 17an inauguratuko dute, baina aurrez, apirilaren 13an eta 14an ate irekien jardunaldi bana antolatu dituzte.
Chillida Lekuk datorren apirilaren 17an irekiko ditu berriro bere ateak, baina, aurrez, apirilaren 13an eta 14an jardunaldi irekiak egingo ditu eta bertan izan nahi duten herritarren artean 1.200 sarrera zozketatuko dituela jakinarazi du.
Zozketan parte hartzeko, erabiltzaileak Chillida Leku museoaren webgunean izena eman beharko du. Pertsona bakoitzeko gehienez lau sarrera eska daitezke.
Museoan jende gehiegi izatea saihesteko, sarrerak lau multzotan banatuko dituzte: 600 apirilaren 13rako eta beste horrenbeste apirilaren 14rako. Bisitak goizez (10:00-13:00) eta arratsaldez (13:00-19:30) izango dira.
Zozketan parte hartu, baina sarrera eskuratzen ez duten herritarrek, beherapena izango dute txartela erosterakoan.
Gainera, ate irekien egunetarako familiei zuzendutako eta hezkuntzari lotutako hainbat jarduera antolatu dituzte.
Museoa zortzi urte luzez egon da itxita eta, esan bezala, apirilaren 17an irekiko ditu berriro ateak. Lehen erakusketa 'Eduardo Chillida. Oihartzunak' izango da. Euskal artistak 40ko hamarkadaren amaieratik 2000. urtera eginiko eskulturen lagin bat jasoko du.
Ignacio Chillida eta museoko aditu taldea komisario direla, bildumak irudikatuko ditu artistaren sormenaren garapena, materialen erabilera eta haren ideiek ibilbide osoan izan zuten eboluzioa.