Itxi

Kazetaritza

Trumpen eta AEBetako tiroketen inguruko kazetaritza azpimarratu dute Pulitzerretan

EFE

Leer en Castellano

Aretha Franklin zenari Pulitzer sari berezia eman diote, musikari eman dionagatik. Aipamen berezia jaso duen lehen emakumea, 1930ean sari hori lehenengoz eman zenetik.

Pittsburgh Post-Gazette-k bertako sinagogako hilketaz emandako informazioa saritu dute. (Efe)

Donald Trump AEBetako presidentearen irregulartasunak salatu eta herrialde horretan izandako tiroketen ondorio lazgarriak kontatu dituzten kazetariak saritu dituzte Pulitzer sari ospetsuetan aurten, baita Aretha Franklin abeslariaren ibilbide osoa ere.

Columbia New Yorkeko unibertsitateak kazetaritza arloko hamalau sari eta literatura eta musika arloko zazpi ematen ditu urtero, eta, besteak beste, bi egunkari lokal saritu dituzte aurtengoan, Ameriketako Estatu Batuetan 2018an izandako bi hilketen inguruan emandako informazio “landu eta errukitsuagatik”.

South Florida Sun Sentinel egunkariak hedabide batek emandako zerbitzu publikoaren saria eraman du, Parkland hiriko (Florida) ikastetxe baten inguruan, zeinetan 17 lagun hil baitziren 2018ko otsailean, egindako jarraipenagatik.

Pittsburgh Post-Gazette-k, bestalde, azken orduko albisteen Pulitzer saria jaso du joan den urrian Pittsburgh hiriko (Pennsylvania) sinagogan hamaika hildako utzi zituen tiroketari buruz emandako informazioengatik.

Capital Gazette Annapolis hiriko (Maryland) egunkariko kazetariek ere aipamen berezia jaso dute, 2018ko ekainean gizon batek bertako bost erreportari hil baitzituen, berari buruz egunkarian argitaratutako artikulu baten ondoren mendekua hartu nahian.

Halaber, Pulitzerrek goraipatu dituzte New York Times-ek, Wall Street Journal-ek eta beste hainbat hedabide ospetsuk Trump presidentearen inguruan egindako lanak, haren finantza inperioaren eta hauteskunde kanpainaren inguruko jakingarriak agerian utzi baitituzte.

Aretha Franklin

Kazetaritza arlotik at, Aretha Franklin zena, soularen erregina, omendu dute, musikaren eta arteen munduari egindako ekarpenagatik.

Aipamen berezi pertsonala jaso duen lehen emakumea da, gainera, Franklin, sari hori 1930ean lehenengoz eman zutenetik.