Itxi

25. edizioa

Eusko Ikaskuntzaren saria, Juan Ignacio Perez Iglesiasentzat

eitb.eus

Leer en Castellano

EHUko katedradun eta errektore ohia “euskal gizartean kultura zientifikoa sustatzeagatik” saritu dute. Aurten, gazteentzako sari bat ere eman dute, eta Aizpea de Atxak irabazi du.

Udan jasoko du saria EHUko zientzialariak

Eusko Ikaskuntzak eta Laboral Kutxak gaur Donostian iragarri dutenez, Juan Ignacio Perez Iglesiasentzat izango da Eusko Ikaskuntzaren Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien 2019ko saria, sariaren epaimahaia osatzen duten Eusko Ikaskuntzaren eremu geografikoko sei unibertsitateetako ordezkariek eta Eusko Ikaskuntzako eta Laboral Kutxako ordezkariek.

“Zorroztasun akademikotik eta zientzia arlo guztien ezagutza zabaletik abiatuta, euskal gizartean kultura zientifikoa sustatu du. Euskal unibertsitatea gizartera gerturatu du, ezagutza maila areagotuz eta begirada kritikoa garatuz”, epaimahaiaren ebazpenaren arabera.

Perez Iglesiasen ibilbide profesionala EHUri lotuta dago. 1985ean hasi zen ikertzaile eta irakasle, Fisiologiaren arloan, eta 1999az geroztik da katedraduna. Halaber, EHUren errektorea izan zen 2004tik 2008ra.

20.000 euroko ordainsaria jasoko du, eta 2019ko udan egingo dute saria emateko ekitaldia.

Gazte saria

Bestalde, Aizpea de Atxa artista nafarraren “InpostuRA” performance lana gailendu da Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gazte Sariaren lehenengo edizioan.

35 urte baino gutxiagoko gazteen jarduna bultzatzea xede duen sariak 6.000 euroko saria ematen dio proiektu irabazleari, eta 2019-2020ko epealdian gauzatu beharra dago.

“Publizitateak eta sare sozialek gidatzen duten gizartean sortzen digun irudia bihurtu da gure buruhausterik handiena. Honen inguruko hausnarketetan eta desegite-praktikan oinarritutako proiektua da InpostuRA”, De Atxak azaldu duenez.