Maiatzak 18
Doako sarrerak Gipuzkoako hiru museotan, Museoen Nazioarteko Egunean
agentziak | erredakzioa
Igartubeiti Baserri Museoak, Euskal Itsas Museoak eta Zumalakarregi Museoak egitarau berezia prestatu dute maiatzaren 18rako, larunbaterako.
Gipuzkoako museoek (Igartubeiti Baserri Museoa, Zumalakarregi Museoa eta Euskal Itsas Museoa) Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko dute larunbatean, maiatzaren 18an. Horretarako, egitarau berezia eta doako sarrerak eskainiko dituzte, “museoen papera kultur ardatz gisa” lelopean.
Museoek adin guztietarako jarduerak proposatu dituzte, eta museoen gaiak ikuspuntu garaikide batetik berrinterpretatuko dira bertan. Euskal Itsas Museoa, esaterako, arrantza arloko itsas tradizioak ezagutarazteaz arduratuko da, Igartubeiti Baserri Museoak lengoaia plastikoa erabiliko du eta Zumalakarregi Museoak XIX. mendeko albumak interpretatzeko lengoaia erakutsiko du.
Jarduera ugari prestatu dituzte hiru museoetan:
Zumalakarregi Museoa
Eguna 6-12 urteko haurrei zuzendutako lantegi didaktiko batekin ospatuko du. Zumalakarregi Museoak XIX. mendeko artista ezagunen albumak berrinterpretatuko ditu Kocograpa sorkuntza guneko Araitz Urbeltz artistarekin, eta, gainera, parte-hartzaileek oihalezko liburua sortuko dute.
Ate irekien jardunaldia egongo da asteburuan, eta doako sarrera eta bisita gidatuak eskainiko dituzte.
Igartubeiti Baserri Museoa
Familientzat zuzendutako mural kolektiboa eta bazkaria proposatzen ditu Igartubeiti Baserri Museoak. Lehenik, baserrian inspiratutako soinu kontakizun bat entzungo dute bertaratutakoek, eta, ondoren, sorkuntza kolektiboa egingo dute familiek lengoaia plastikoa erabiliz. Haurrek 8 euro ordaindu beharko dituzte, eta helduek, berriz, 12 euro.
Asteburu osoan, sarrera doakoa izango da eta bisita gidatuak egongo dira.
Euskal Itsas Museoa
Hiru plan proposatzen ditu museoak larunbaterako. Batetik, itsas korapiloak eta malutak egiteko tailerra, larunbat goizerako. Bestetik, Donostiako portuan bisita gidatua, arratsaldez, bertako moila tradizioa hobeto ezagutzeko. Eta, azkenik, museoko erakusketak ikusteko aukera. Sarrera doakoa izango da hiruretan.