Donostia
Kursaalek gala bat antolatu du azaroaren 28an 20. urteurrena ospatzeko
Agentziak | Erredakzioa
Donostiako elkarguneak musika klasikoa, abesbatzarako eta ganberako musika, pop-rocka eta balleta uztartuko ditu bere jaian.
Musika klasikoa, abesbatzarako eta ganberako musika, pop-rocka, balleta… Hori guztia eta gehiago egongo da azaroaren 28an, Kursaalen 20. urtebetetzea ospatzeko antolatu duten jaian. Bi hamarkadatan, bederatzi milioi pertsona bertaratu dira Donostiako espaziora, bertako kudeatzaileek gaur emandako datuen arabera.
Patrick Alfaya eta Miguel Martin Kursaal Eszenaren programazioaren eta urteurren jaiaren arduradunek gaur iragarri dutenez, festaren bigarren erdian Izaro, Mikel Erentxun eta Eñaut Elorrieta Ken Zazpiko burua izango dira protagonista: bakoitzak bere kantuak abestuko ditu, eta gero elkarrekin arituko dira bertsio sinfonikoan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa lagun dutela, Juan Jose Oconek zuzenduta.
Lehenengo zatian, EOSek programa sinfonikoa interpretatuko du, eta, ondoren, Eleha Sanchok zarzuela, opereta eta operen txatalak abestuko ditu eta Orfeoi Gazteak ere parte hartuko du, Lucia Lacarra zumaiar dantzaria agertoki gainean dagoen bitartean.
Hogei urtean, 2.345 kontzertu, antzezkizun eta bestelako kultura jarduera hartu dituzte zentroko espazioek, sei milioi inguru pertsonarentzat.