Itxi

Ahozko aldaerak

Herri Hizkeren Atlasaren III. liburukia aurkeztu du Euskaltzaindiak

Erredakzioa

Euskararen herri hizkera jasotzea eta kultur ondarea berreskuratzea da atlasaren helburu nagusia. Landareak, fruituak eta etxe-abereak jorratu dituzte hirugarren lana honetan.

Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren III. liburukia aurkeztu du Euskaltzaindiak. EHHAren III. atal horretan 271 kontzeptu bildu eta landu dira, guztiak lexikoari buruzkoak, eta bi multzotan jaso dira: batetik, lurretik erne eta hazten diren landare eta fruituen ingurukoei buruzkoan, eta bestetik etxe-abereei buruzkoan.

Oraingoz, bi euskarri desberdinetan eskainiko dute lana: paperean eta CD formatuan. Aurrerantzean Sarean jartzeko asmoa ere badute.

2010eko apirilean aurkeztu ziren EHHAren I. eta II. Liburuak, eta aurreko biak bezala, Euskadiko Kutxaren babesarekin argitaratu dute hirugarren hau ere.

Andres Urrutia euskaltzainburua, Xabier Egibar Euskadiko Kutxaren ordezkaria eta Adolfo Arejitak eta Xarles Videgainek lanaren arduradunak izan dira aurkezpenean. Arejita argitalpenaren zuzendari akademikoa da, eta Videgain, berriz, arduradun teknikoa, Gotzon Aurrekoetxearekin batera.

''''Nekazaritza eta abelazkuntzari loturiko gizartea tipitzen eta zahartzen joan da, eta hiritarra handitzen. Gainera, eskarazko mintzagaiak zeharo aldatu dira'''', azaldu du Arehitak. ''''Herri Hizkeren Atlasak galdetu eta bildu dituen izen asko edo galduak edo galzorian dira, bizimodu aldaketa bizkorraren ondorioz'''', gaineratu du. ''''Horretan datza, besteak beste, Atlas honen garrantzia: herri-hizkera tradiziozkoaren ezaguera bermatzea, eta birrerabilera ere, dagokion kasuan, erraztea'''', esan du.

145 herri, 2.857 galdera, 320 lekuko
1984an hasi zituen Euskaltzaindia Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren prestatze lanak. Inkestak 1987an hasi ziren, eta 1992an amaitu. Urte horietan Euskal Herriko 145 herri bisitatu ziren, eta 2.857 itaun egin zituzten. Guztira 320 pertsonaren ahotsa grabatu zen, eta inkesta egiteko adineko pertsonak aukeratu zituzten, sortzez eta familiaz tokian tokikoak, bai eta herritik kanpoan gutxi ibiliak ere.
Herri horietan eginiko inkestekin 2.400 zinta grabatu ziren eta Euskaltzaindiak bildurik dituen grabazioak 4.000 ordutik gora dira (bataz beste 27 ordu herriko).

Bideoak (1)