Urriak 12
'Argia'k jai 'herrikoi eta parte-hartzailea’ eginez ospatuko du mendeurrena
eitb.eus
‘Argia’ aldizkariak ehun urte bete dituela ospatuko dute gaur Donostiako Alde Zaharrean. Denetariko jarduerak prestatu dituzte: ibilaldiak, dantza, pailazoak, kontzertuak…
“Deskoloniza gaitezen” lelopean, larunbatean, urriak 12, ‘Argia’ aldizkariaren mendeurrena ospatuko dute, egun osoko festa batekin, Donostiako Alde Zaharrean. Ez da gutxi, 1919an ‘Zeruko argia’ kaputxinoen aldizkaria kaleratu zutenetik, “euskaraz eta Euskal Herri osorako balore eraldatzaileekin egiten den aldizkari batek” ehun urte betetzea, eta tamainako egitaraua prestatu dute horretarako.
Estitxu Eizagirre ‘Argia’ko lantaldeko kideak ETBri azaldu dionez, denetarikoak dira aldizkariaren irakurleak (ikasleak, langileak, herrietakoak, hirietakoak, euskaldun berriak, paperean irakurtzen dutenak, Internet bidez kontsumitzen dutenak…), eta, hartara, denontzako jarduerak prestatu dituzte larunbaterako. Guztiak ere, gainera, doakoak eta libreak izango dira, “Argia-ren edukiak bezala”, Eizagirreren esanetan.
“Deskoloniza gaitezen” jaia
Bezperan bertan hasiko da egitaraua, eta “Ataun of the dead” film trilogia eskainiko dute ostiralarekin, 21:00etan hasita, Trinitate plazan.
Larunbatean, eguraldia gorabehera (euria eginez gero, karpa egongo dela iragarri dute), ‘Zomorro bila Urgullen’ ekimenak abiatuko du ospakizun eguna, 11:00etan, Trinitate plazan bertan, eta ibilbide historikoa egingo dute ordubete geroago Alde Zaharrean, Urko Apaolaza historialaria eta Miren Artetxe eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak lagun dituztela.
13:00etan, sokadantza egingo dute Konstituzio plazan, eta dantza horren funtsak ikasteko bideoa ere prestatu dute, hankei eragiteko aitzakiarik egon ez dadin. Indarrak berreskuratzeko, herri-bazkaria antolatu dute 14:00etarako: upel bat sagardo, mahaiak eta aulkiak paratuko dituzte antolatzaileek, eta jatekoa etxetik edo inguruko ostatuetatik eramateko deia egin dute, “kontsumoa ez bultzatzeko”, Eizagirrek azaldu duenez.
Bazkaldu ondoren, festan jarraitzeko aukera ugari izango dira: “Pobresiak” emanaldia (16:00, Trinitate plaza), Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior pailazoak (17:00, Zuloaga plaza), NAN arrotzen jaurtiketa lehiaketa (18:00, Trinitate plaza) eta kalejira (19:00, Trinitate plazatik abiatuta).
20:30ean, abesti lasai eta mugituez gozatzeko aukera izango da Trinitate plazan, talde eta artista hauen eskutik: Amaren Alabak, Mursego, Balerdi Balerdi eta Niña Coyote eta Chico Tornado.
Aurrera begira
Dena, ‘Argia’ aldizkariak duela ehun urtetik egin duen bidea ospatzeko, jatorri elizkoitik hasi 1980an langileek aldizkariaren jabetza hartu zuten une funtsezkotik pasatu eta gaur egunera arte, nola paperezko orrietan hala webgunean.
Aurretik duten bideari dagokionez, Estitxu Eizagirrek adierazi du munduari egokitzen jarraituko dutela (aldizkariaren bilgarrian, esaterako, plastikoa baztertu eta material konpostagarria erabiltzen hasi dira) informazio burujabetza bultzatzeko, “gure pentsamendua elikatze aldera”.
“Badago jende masa kritiko handi bat, komunikazio independentea behar dela uste duena, iritzi kritikoa izateko”, Eizagirreren hitzetan, eta, horiei begira, apustu digitalean sakontzen jarraituko dute, lizentzia libreak erabiliz, eta mende bateko edukien artxiboa digitalizatu eta jendearen esku jartzea dute hurrengo erronka.