Kontzertua San Mamesen
Shakiraren erritmoek Bilbo dantzan jarri dute
40.000 pertsona inguruk kolonbiarraren ikuskizunarekin gozatu dute. San Mames etengabean astindu du Shakiraren abesti ezagunenak zituen errepertorioak.
Shakira urakanak Bilbo hartu du larunbat gauean. Barranquillako abeslariak jarraitzaileen aurreikuspenak bete ditu eta egundoko ikuskizuna eman du San Mames futbol zelaian.
Kontzertua 22:00ak aldera hasi da, baina San Mameseko ateak 18:30ean ireki dituzte. 20:30ean Juan Magan eta Ragdog taldeen kontzertuek giroa berotu dute.
Urtebetean Shakirak Bizkaian jotzen duen bigarren aldia izan da. 2010eko irailean BEC Bilbao Exhibition Centren eskaini zuen kontzertuan sarrera guztiak agortu zituen.
Aurretik, Europan zehar biran aritu da eta igandean Bartzelonako futbol jokalariekin ospatu zuen aurten ere Liga irabazi izana.
Bere ibilbide osoan 15 lan argitaratuta, 60 milioi diskotik gora saldu ditu Shakirak mundu osoan, eta bi Grammy sari eta zazpi Grammy Latino lortu ditu.