Itxi

Urriak 17-20

'‘Jauría’ ikuslearen bihotzean, urdailean eta buruan lehertu behar da'

Natxo Velez | eitb.eus

Leer en Castellano

Jordi Casanovas ‘Jauría’ antzezlanaren idazleak La Manada auziaren epaiketako transkripzioetan oinarritutako obra hurbildu digu. Bilbon taularatuko dute, urriaren 17, 18, 19 eta 20an.

'La manada' auziaren epaiketan oinarrituta dago 'Jauría' antzezlana. Argazkia: Vanessa Rabade.

Kamikaze Producciones madrildar konpainia Euskal Herrira iritsi da, urriaren 17, 18, 19 eta 20an Arriaga antzokian ‘Jauría’ antzezlana aurkeztera, 2016ko uztailaren 7an bost gizonek emakume gazte bati Iruñean egindako sexu erasoaren auzitik abiatuta sortutako obra indartsua.

Jordi Casanovasek auzi historiko horretan akusatuek, abokatuek eta bortxaketaren biktimak esandakoak hartu ditu oinarri testu gogorra idazteko, bere buruari helburu argi bat jarrita: “ikustean sortzen duen ikara indar bilaka dadila gero ikusleentzat”.

Jordi Casanovas. Argazkia: David Ruano.

Miguel del Arcok zuzentzen duen lanean, Maria Hervas aktoreak, Max Espainiako antzerki sariaren azken irabazleak, egiten du gizon aldraren biktimarena, eta Fran Cantos, Pablo Béjar, Ignacio Mateos, Javier Mora eta Martiño Rivas dira bost erasotzaileak.

Casanovasen beraren eskutik murgildu gara fikzio dokumentaleko testuaren barrunbeetan.

Zerk bultzatu zintuen ‘Jauría’ idaztera?

Epaiketa saioen transkripzioak irakurrita, detaile txiki batzuk aurkitu nituen akusatuen, abokatuen eta salatzailearen nortasunaren inguruan, prentsako izenburuetan agertzen ez zirenak.

Antzoki baten agertokian soilik erakuts eta azter zitezkeen soiltasuna eta konplexutasuna aurkitu nituen.

Nola hurbiltzen zaio horrelako testu bat antzerki munduko publikoari?

Garrantzitsuena da publikoak bere buruari galdetzea zer detaile berri eta ezezagun kontatuko zaion, eta gertakariei buruz duten beren ikuspegia igorri nahi duten pertsona batzuen arteko tentsioari eutsi.

Egin nuen lehenengo gauza horixe izan zen: nabarmendu gabe gelditzen ziren une horiek aurkitu eta nabarmendu, protagonismoa eman, ikusleek beste aldea ikus dezaten.

Antzerkiko ikusle garenean, beti ari gara agertoki gainean esaten den ororen zentzu bikoitzaren bila, albisteen irakurle garenean ez bezala.

Nola iristen da testua ikuslearengana? Eskola-umeekin egin dituzuen funtzio didaktikoetan, zer eragin izan du obrak antzezlan hori ikustera joatea aukeratu ez duen jendearengan?

Gazteekin izandako topaketa batzuk oso zirraragarriak izan dira. Uste dut zenbait pertsonari gauzak hobeto azaltzeko edo aurretik kontatu gabe zituzten gauzak kontatzeko aukera eman diela. Zenbaitentzat oso mingarria izan da, baina beste batzuentzat badu sendagarritik zerbait.

Funtzioak esperantza ematen duelakoan nago, oroz gaindi. Funtsean, historiara pasatuko den auzi paradigmatiko honek amaiera itxaropentsua du, nahiz eta tragikoa den. Ikustean sortzen duen ikara ikusleengan indar bilakatzen da gero, nire ustez.

Nola prestatzen da istinga horretarako bidaia? Zer jarrera eskatzen zaie aktoreei eta zuzendariei gisa honetako antzezlan baten alde egiteko eta nola lantzen da hori guztia beraiekin?

Lantalde osoak erabateko konpromisoa agertu du proiektu honekin. Niri iritziz, beste antzezlan batzuetan izaten diren buruhausteak alde batera utzi ditugu, nolabait, eta askoz ardura handiagoa igarri dugu, material, gai eta une oso labainak direlako.

Prozesuan, une gogorrak izan dira, nork bere burua aurkitzekoak, norberak egindako batzuk auzitan jartzekoak, baina, azken finean, ulerberago izaten eta pertsona hobeak izaten lagundu digute, edo hala espero dut.

Argazkia: Vanessa Rabade

Zer opa diozu ‘Jauría’ri?

‘Jauría’ bezalako antzezlan batek urtebete baino gehiagoko lana dakar: dramaturgia lana hainbat hilabetez, beste horrenbeste prestatzeko, entseguak egiteko, orduak eta orduak hausnarketari eta irakurketa osagarriei emanak…

Gure zeregina da hausnarketa eta ezaguera hori 90 minutuko pilula hunkigarri batean biltzea, ikuslearen bihotzean, urdailean eta buruan leher dadin, guk urte horretan bizi izan dugun prozesua bizi eta senti dezan.

Efektu hori izatea opa diot, publikoak bere burua hobeto ezagutzea eta gehiago bizitzea.

*‘Jauría’ Gasteizen (Principal, urriak 31), Iruñean (Gayarre, azaroak 5-7), Santurtzin (Serantes, azaroak 22), Barakaldon (Barakaldo antzokia, azaroak 30) eta Donostian (Victoria Eugenia, ekainak 27) egongo da ikusgai.