Itxi

Antzerkia

Besarkada saria 2011, Juan Ortegarentzat

Erredakzioa

Eibarko antzerki jardunaldien antolatzailea omendu dute, arte eszenikoen alde egin duen lanagatik.

Datorren asteazkenean, ekainak 15, emango dio Euskal Aktoreen Batasunak 2011ko Besarkada saria Juan Ortegari. Maskaradak Bilbon, Campos antzokian, antolatu duen galan egingo dute sari banaketa.

37 urtean Eibarko antzerki jardunaldietan egindako lana txalotu dute garaikur honekin. Paco Revuelta eta Gorka Minguez aktoreek eskainitako prentsaurrekoan iragarri dute saria, eta Eibarko jaialdia ''arte eszenikoen erreferente'' bilakatzeko egindako lana nabarmendu dute.

Albaceten jaio zen Juan Ortega, eta 1969an Eibarrera jo zuen irakasle lanak egiteko. Bertan, antzerki jardunaldiak antolatzen hasi zen eta Debabarreneko haur antzerki jardunaldien ardura dauka duela 27 urtetatik. Eibarko unibertsitate eskolako Narruzko Zezen antzerki taldearen sortzailea ere izan zen.

Juan Ortegak berak ere hartu du parte prentsaurrekoan eta, saria eskertzeaz gain, Narruzko Zezen konpainiatik igaro diren aktoreak gogoratu nahi izan ditu: Imanol Arias, Iñaki Miramon eta Elena Martínez La Abadía konpainiako ekoizlea, besteak beste.

Gaur egun erretiroa hartuta badago ere, Narruzko Zezen antzerki konpainiako zuzendaritza artistikoko lanak egiten jarraitzen du, Euskal Antzerki Sarearen komisio artistikoko lanekin batera.