'Berrikuntza Euskaraz'
Microsoftek euskarazko erreminta berriak kaleratu ditu
Erredakzioa
Microsoft Office 2010, Microsoft Sharepoint 2010, Microsoft Dynamics CRM 2011 eta CRM Online euskaraz daude jada.
Euskal hiztun eta erabiltzaile orok euskaraz erabili ahal izango ditu aurrerantzean hainbat erreminta informatiko. Izan ere, Microsoft Office 2010, Microsoft SharePoint 2010, Microsoft Dynamics CRM 2011 eta CRM Online erremintak euskaraz ditugu dagoneko, Sarean.
Donostiako San Telmo Museoan egin dute ''Berrikuntza Euskaraz'' aurkezpen ekitaldia, eta erakundeetako eta Akademietako ordezkari batzuk, eta hainbat politikari, enpresari, eta artista izan dira
bertan.
Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak itxi du aurkezpena. Haren esanetan, ''''honelako ekitaldien bidez, gizarteari erakusten diogu badaudela erremintak modu profesional eta ludiko batean euskaraz lan egiteko. Aurkeztu ditugun produktu hauekin, enpresen beharrei erantzuten diegu, hizkuntza aniztasunaren aurrean baliabide eleanitzak izan ditzaten''''.
Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak garrantzizkotzat jo du Microsoftek bere azken erreminta berritzaileenak euskaraz itzultzeko egin duen apustua. Ondoren, bere sailak aurten egingo duen lana zein izango den azaldu du: ''''Wikipedia entziklopedia digitalerako 10.000 eduki sortuko dira euskaraz, itzulpen automatikoa martxan jarriko da, eta Itzulpen Memoriaren Banku Publikoa sortuko da. Banku honekin, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiako baliabide anitz gizartearen esku geratuko dira'''', esan du.
Aipaturiko produktu horiek doan deskargatu daitezke, microsoft.es/eus eta euskara.euskadi.net/euskara_soft webguneetan.