New York
'Spider-Man: Turn Off The Dark' Broadwayra iritsi da
Erredakzioa
Komiki ezagunean oinarritutako musikala historiako garestiena da, eta arazo asko eta istripu larriak gainditu ondoren estreinatu dute.
''Spider-Man: Turn Off The Dark'' ikuskizuna hamar urte zain egon eta gero estreinatu dute Broadwayn. Istripu eta polemika askok baldintzatuta iritsi da New Yorkera proiektu erraldoi hau.
U2 taldeko Bono eta The Edge arduratu dira soinu banda egiteaz. New Yorkeko 92Y zentro kulturalean egindako adierazpenetan ikuskizuna ez dela amaitu adierazi zuten. ''Aldaketa batzuk egin behar ditugu oraindik, ehuneko hamar falta dugu egiteko. Datozen aste edo hilabeteetan aldaketa batzuk egingo ditugu'', adierazi zuen Bonok.
70 milioi dolarreko aurrekontua (48,3 milioi eurokoa) izanik, Broadwayko ikuskizun garestiena da, baina protagonisten istripuak, arazo ekonomikoak, zuzendaria kaleratzea eta orain arte jasotako kritika gogorrak ere izan dira hizpide.
2010eko hasieran estreinatu behar zuten lehendabizi aurretiko emanaldi gehien izan dituen ikuskizun hau. ''Horrenbeste atzeratuko zela jakin izan bagenu ez ginateke proiektuan sartuko'', adierazi zuten Bonok eta The Edgek The New York Times egunkarian.
Otsailean, New Yorkeko hainbat hedabidetan kritika gogorrak jaso zituen. Musika eta istorioa bakoitza bere aldetik zihoazela adierazi zuten askok. Hitz gogorrenak The New York Times egunkariko Ben Brantley kazetariak egin zituen: ''Ez da Broadwayen estreinatu duten ikuskizun garestiena bakarrik, inoiz egin den txarrenetakoa ere bada''. Kritika horien ondorioz, U2 taldeko bi kideek Julie Taymor zuzendaria kaleratzea eragin zuten.
Horiei ikuskizuna prestatzen egon diren artean aktoreek izandako bost istripuak batu behar zaizkie. Larriena Christopher Tierney protagonista nagusiak izan zuen; hainbat saihets-hezur hautsi zituen. Hori ikusita, segurtasun neurriak areagotu egin zituzten.
Atzerapen, arazo, istripu eta polemika horiek guztiek ikusleen arreta pizten lagundu dute. Ondorioz, ikuskizunak milioi bat dolar bildu du astean, azaroan aurretiko emanaldiak egiten hasi zirenetik.