Ekainak 18
Goran Bregovic, Bilboko Gau Zurian
Erredakzioa
Hiriko hainbat gunetan doako ekintza kulturalak egingo dituzte larunbat gauean.
Ekainaren 18an, larunbata, egingo dute Bilboko Gau Zuriaren 2011ko edizioa. Musika, dantza, literatura, antzerkia eta beste hainbat ikuskizun gozatzeko aukera izango da hiriko hainbat gunetan, doan.
Goran Bregovicen doinu balkandarrek ezarriko dute aurten doinu nagusia Bilboko gauean. Sarajevon jaiotako musikariak rockarekin, Bulgariako doinuekin eta beste hainbat estilorekin nahasten ditu bere herrialdeko soinu tradizionalak. Emir Kusturicaren filmetako soinu bandak sortzeagatik ezagun egin zen musikariaren emanaldia 23:45ean hasiko da, Itsas Museoaren kanpoaldean.
20:30ean hasiko dira Gau Zuriko programazioa osatuko dituzten ekintzak. Ordu horretan, Santiago Katedralaren atarian Bilboko Akordeoi Orkestra Sinfonikoak emanaldia eskainiko du. Gune horretan, Bilboko Koral Elkartearen Kontserbatorioko Abesbatza, Bilboko Koral Elkartearen Euskeria Abesbatsa eta Irabarriko San Antonio Abesbatza arituko dira gero.
Deustuko Unibertsitateko Klaustroan Txalap.Art ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da. Mursego, Kalakan, Kukai, Glorious eta Gose taldeak ere bertan arituko dira. Emanaldi hauek ere 20:30etik aurrera egingo dituzte.
20:45ean Mario Gasek Gabriel Celayaren lanen errezitaldia egingo du Miguel Unamuno plazan, Euskal Museoan.
Umorezko antzerkiak Bidebarrietako liburutegian izango du bere lekua. 21:00etan mahai-ingurua egin eta gero, 22:30ean ikuskizunak hasiko dituzte.
Arte Ederren Museoan “Kolonbiako pintzeladak” erakusketaz gozatzeko aukera egongo da. Museoak 20:30etik 02:00ak arte irekiko ditu ateak. Zabalguneko eraikinean, “J.S.Bachen bi eskuetarako antiANTZERKIA” ekainaren 30a arte ikusgai egongo den erakusketak ere ordutegi bera izango du larunbatean.
Guggenheim Museoaren kanpoaldean Blanca Li Granadan jaiotako dantzariak Dantzatu nirekin saioa eskainiko du 21:30etik 02:00etara.
Alhondigabilbaok Plazako manikia José Ibarrolak zuzendutako ikuskizuna hartuko du 22:30etik aurrera.
Alde Zaharreko kaleetan zehar kale animazioa egongo da eta hiriko hainbat eraikin Argi arkitekturak proiektuarekin argiztatuko dituzte, ibiltarien gozamenerako.